
Hirugarren hiruhilekoan landunen kopurua hazi egin da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Zehazki, 4.300 landun gehiago zenbatu dira. Era berean, aurreko hiruhilekoan baino 1.300 langabe gehiago daude. Honela, iraila amaieran EAEko langabe kopurua 78.900 pertsonakoa da. Landunak, aldiz, 975.900 dira. Datu hauek kontuan hartuta, EAEko langabezia tasa %7,5ean kokatu da, urteko bigarren hiruhilekoan baino hamarren bat gorago. Jarduera tasak, ordea, apur bat gora egin du, 0,2 puntu, eta %56,3an kokatu da.
Halaber, azken urtean langabezia tasa %8tik %7,5era jaitsi da, eta orain urtebete baino 4.700 langabe gutxiago daude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
Lurraldeka, Bizkaian 3.600 landun gehiago zenbatu dira, Araban 400 eta Gipuzkoan 300. Hiriburuka, berriz, bai Gasteizen bai Bilbon landun kopuruak behera egin du. Donostian igo da okupazioa, eta 1.400 landun gehiago zenbatu dira.
Okupaziorik handiena gizonezkoen artean izaten jarraitzen du, 3.300 landun gehiago baitaude azken hiru hilabeteotan. Emakume landun berriak 1.000 izan dira.
Halaber, lehenengoan izan ezik, sektore guztietan egin du gora okupazioak. Industrian %1,3 egin du gora okupazio tasak (2.500 pertsona gehiago daude lanean) eta eraikuntzan %0,4 (2.100 gehiago). Lehen sektorearen beherakada %4,6koa izan da, eta 400 pertsona gutxiago ari dira orain lanean.