
Uztailean lortu ez zuena lortzen saiatuko da gaur Eusko Jaurlaritza: Gizarte Segurantzaren erregimen ekonomikoan langabeziari lotutako atalak eskuratzea. Maria Ubarretxena Autogobernu sailburuak Madrilera bidaiatuko du gaur, eta Joaquin Perez Espainiako Laneko Estatu idazkariarekin eta Yolanda Diaz Lan ministroaren ondokoarekin bilduko da.
Uztailean eginiko bileran Gizarte Segurantzari lotutako hainbat eskumen EAEra ekartzea adostu zuten Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak, baina langabeziari lotutakoak akordiotik kanpo geratu ziren. Ubarretxenak atzo adierazi zuen Madrilek “denbora gehiago eskatu” ziela, eta gaurkoan “itxaropentsu” doazela, nahiz eta ez duten jakiterik akordioarekin itzuliko diren. “Gu esperantza horrekin goaz. Hala ere, esperantza horrekin joan ginen uztailean ere, eta ez zen bete”.
Eskualdatzea egingarria dela azaldu du Ubarretxenak, eta Espainiako Gobernuak bere hitza beteko duela uste du. Langabezia saria uztaileko akordiotik kanpo uzteak iskanbila sortu zuen alderdi politikoen artean. EAJk eta PSOEk Sumarri leporatu zien eskumen horien eskualdatzea eragoztea. Sumarrek, ordea, erabaki horren aurka ez zegoela argitu zuen.
Langabezia saria ez da sekula kudeatu Madriletik kanpo, beraz, erabakia ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Jaurlaritzak langabeziaren gaineko gaiak bere gain izango balitu, 800 milioi inguru kudeatuko lituzke. Lanbide arduratuko litzateke eskumen horren kudeaketaz.