Langabezia tasa igo egin da Hego Euskal Herrian

Abenduan baino 2.495 langabe gehiago zenbatu dituzte Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan

Lanbideren bulegoetako bat | Argazkia: Irekia Lanbideren bulegoetako bat | Argazkia: Irekia

Abenduan baino 2.107 langabe gehiago zenbatu dituzte urtarrilean Euskal Autonomia Erkidegoan, %1,9 gehiago. Une honetan, lanik ez duten 112.905 pertsona daude Lanbiden izena emanda. Hala ere, 2022ko urtarrilean baino 3.039 langabe gutxiago daudela jakinarazi du Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailak.

Nafarroan, abenduan baino 388 langabe gehiago zenbatu ditu urtarrilean Espainiako Lan eta Gizarte Segurantza Ministerioak, %1,23 gehiago. Orotara, lurraldean 31.998 pertsona daude langabezian.  Nafarroaren kasuan ere, iazko urtarrilean baino langabe gutxiago daude, zehazki, 819 gutxiago. Datuak neurtzen hasi zirenetik urtarrilean inoiz izan den igoera txikiena aurtengo urtarrilekoa izan da.

Kontratazioei lotuta, 56.072 kontratu berri sinatu dira Euskal Autonomia Erkidegoan, horietatik 15.000 mugagabeak. Urte arteko balantzeari erreparatuta, lan erreforma indarrean sartu zenetik kontratazioak egonkortu egin dira eta, beraz, bolumen globala murriztu egin da. Dena dela, 2022ko urtarrilean baino %73,13 gehiago izan dira.

Datuak ezagutarazi berritan, Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enpleguko sailburuak adierazi duenez, “enplegua normalizazioa bidean dago eta lan erreforma oso eragin positiboa ari da izaten”. Era berean, enplegu eta gizarte segurantzako afiliazio datuak pandemia aurreko kopuruetara itzuli direla nabarmendu du: “kontratu mugagabeak finkatu izanak eragina izan du, bereziki gazteen eta emakumeen artean”.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK