
Langabezia hazi egin da abuztuan Hego Euskal Herrian, Espainiako Lan eta Gizarte Ekonomia ministerioak emandako datuen arabera 108.658 langabe zenbatu dira guztira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, aurreko hilabetean baino 2.483 gehiago (%2,34). Nekazaritza salbuetsita, gainontzeko sektore guztietan egin du gora: zerbitzuetan 2.128 langabe gehiago daude, industrian 485 gehiago eta eraikuntzan 142 gehiago; nekazaritzan 11 langabe gutxiago zenbatu dira. Iazko abuztuarekin erkatuta, baina, zifrak behera egin du, 5.100 langabe gutxiago baitaude. Are gehiago, abuztu baten izandako daturik onena da 2008tik.
Bestalde, 29.164 langabe daude erregistratuta Nafar Lansareko bulegoetan, aurreko hilabetean baino 13 gehiago (%0,04). Igoera horretan eragina izan du zerbitzu sektoreko langabeziak: 228 langabe gehiago zenbatu dira, langabe gehien dituen sektorea izanik (19.836 langabe); aldiz, nekazaritzan 96 gutxiago daude uztailetik, industrian 70 gutxiago eta eraikuntzan zazpi gutxiago. Era berean, azken 12 hilabeteetan ere behera egin du, iazko abuztutik 1.797 langabe gutxiago zenbatu baitira.