Langabeziak zertxobait gora egin du Nafarroan, eta behera Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Irailean %0,49 egin du gora Nafarroan, eta 142 langabe gehiago daude

Lanbideren bulego bat | Argazkia: Eusko Jaurlaritza Lanbideren bulego bat | Argazkia: Eusko Jaurlaritza

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan behera egin du langabeziak irailean. Zehazki, 1.933 langabe gutxiago zenbatu dira (Araban 108, Bizkaian 1.009 eta Gipuzkoan 816). Nafarroan, aldiz, langabeziak zertxobait gora egin du, izan ere, irailean 142 langabe gehiago zenbatu dira. Hala, Hego Euskal Herrian, 136.031 langabe daude guztira azken hilabetean.

Abuztuarekin alderatuz gero, %0,57 jaitsi da langabezia Araban, %1,66 Bizkaian eta %2,84 Gipuzkoan, eta %0,49 igo da Nafarroan. Urte arteko tasari dagokionez, hau da, iazko iraileko datuekin alderatuta, 6.837 langabe gutxiago daude Hego Euskal Herrian, eta Nafarroan izan da beherakadarik handiena (%6,03). Gipuzkoan, %4,7 egin du behera urte arteko tasak, Bizkaian %4,96 eta Araban %2,34.

Espainiako estatuan 19.768 langabe gehiago zenbatu dira guztira irailean. %0,73 hazi da kopurua abuztuarekin alderatuz gero. Urte arteko tasak, ordea, behera egin du, eta iazko irailean baino 219.451 langabe gutxiago daude, %7,46ko apaltzea, hain zuzen.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK