
Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak sustatutako Lanhitz programak helburu du enpresetan euskararen presentzia areagotzea eta euskara erakundeen kudeaketa sisteman txertatzea. Horretarako, deialdi berri bat ireki du eta diruz lagunduko ditu entitateak. Eskaerak aurkezteko epea uztailaren 10era arte egongo da zabalik.
Eusko Jaurlaritzak lan munduan euskararen erabilera sustatzeari ekin zion 90eko hamarkadan. Orduan enpresa handiei eta aldeko baldintzak zituztenei zuzendutako programa pilotua garatu zuten, baina gaur gainontzeko enpresetara zabaldu den egitasmo finkoa da Lanhitz.
Lau taldetan banatzen dira egitasmoan parte hartuko duten erakundeak: ekintza solteak egiten dituztenak, diagnostikoa eta euskara plana garatzen dutenak, urteko kudeaketa plana egiten dutenak eta euskararen erabilera indartzeko proiektu estrategikoa lantzen dutenak.
Diruz lagunduko dira, besteak beste, entitateek egiten dituzten itzulpenak, euskalduntze zein alfabetatze ikastaroak, softwaregintza edota ekintzen edo plangintzaren jarraipena, ebaluazioa, inplementazioa eta egokitzapena.