Eusko Jaurlaritzan “hitzarmen duin baten aldeko” hiru orduko lanuztea deitu dute ELA eta LABek, ekainaren 16an. Sindikatuek salatu dute azken hilabeteetan ez dela aurrerapausorik eman hitzarmenaren negoziazioetan, eta ondorioz, lan baldintzak “atzean geratu” direla.
Eusko Jaurlaritzako langileen hitzarmena, gaur egun indarrean dagoena, duela hamabost urte sinatu zen. “Ordutik, administrazioak aldebakarrez hartu ditu hainbat erabaki: lan poltsen kudeaketa arbitrarioa, adinagatiko neurrien blokeoa, langileen eskubideen aurkako erasoak, C1-C2 taldeen berrantolaketa, euskararen babesgabetasuna edota kolektibo ezberdinen gatazken kudeaketa eskasa, besteak beste, Ibaiondo, Eustat edo ikastetxeetan lan egiten duten langileenak”, adierazi dute sindikatuek.
Arrazoi horiek direla medio, ELAk eta LABek hainbat aldarrikapen egin dituzte: urteko eta asteko lanaldiak murriztea, galdutako erosahalmena berreskuratzea, soldata igoerak adostea, euskaraz lan egiteko eskubidea bermatzea, adinagatiko neurriak ezartzea, kontziliazio neurriak eta ordutegiak garatzea, eta lan osasuna lehentasun bihurtzea.
“Dei egiten diegu langile guztiek lanuzteetan parte hartu eta mobilizazio dinamikan aktiboki inplikatzera”, gaineratu dute.