• EKONOMIA
  • Lapurdiko kostaldean ohi baino gaztelania gehiago entzuten da

Lapurdiko kostaldean ohi baino gaztelania gehiago entzuten da

Klima aldaketaren ondorioz aldatu egin dira turisten ohiturak

Donibane Lohizuneko hondartza | Argazkia: Franck Dolosor
Donibane Lohizuneko hondartza | Argazkia: Franck Dolosor
VpZtp uM 400x400
Kazetaria
2026ko irailaren 19a - 05:30

Penintsulako turisten kopuruak emendatzen segitzen du Iparraldean, batik bat Lapurdiko kostaldean. Espainian dauden beroteengandik ihes egiten dutela diote Donibane Lohizune edo Miarritze bezalako hirietan dabiltzan Madril edota Zaragozako turistek.

 
Behar zaitugu!

Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.

Turisten kopurua doi bat apaldu da uda honetan Ipar Euskal Herriko zenbait herritan. Turismoa %10 apaldu da, adibidez, Hendaian; %9 gutxiago Angelun, %6 Kanbon, %4 Miarritzen eta %3 gutxiago Bidarten. Bidaxune eskualdean eta Donibane Lohizunen, ordea, turismoa emendatu da: %7 eta %5 gehiago, hurrenez hurren. Emendatze hori Espainiako Estatutik datozen turistei esker gertatu da neurri batean, gaztelaniaz hitz egiten dutenen kopurua igo baita aurten ere, %14 gehiago hain zuzen. "Urte osoan gaztelaniaz hitz egiten duten bezeroak ditugu, Hego Euskal Herritik etorriak, baina orain ohartzen ari gara Espainia osotik datozela, Madril, Zaragoza edo Zamoratik ere bai", dio Stéphanek. Izozki saltzaileak argi du espainiarren kopuruaren emendatzea zuzenean lotua dela klima aldaketarekin. "Maiz bezeroek berek adierazten dute lehen aldia dela hona datozela. Eta hona etortzea erabaki dute Espainian gero eta beroago egiten duelako", zehaztu du merkatari lapurtarrak.

Espainiako Estatuan dagoen beroarengatik Galiziatik Gipuzkoaraino azken urteetan ikusten den turismoaren emendatzea Lapurdira ere heldu da. Borja madrildarra da eta uda honetan Miarritzen igaro ditu zenbait egun. "Ez zaigu gehiago gustatzen Valentzia aldera edo Andaluziara joatea, bertan bero gehiegi egiten duelako eta bainatzeaz gain ezin baita gauza askorik egin. Klima aldaketak gure ohiturak erabat aldatu ditu eta orain nahiago dugu Euskal Herrira etorri. Espero dut euskal kostako herriak ez direla bat batean gehiegi beteko", dio.

 
Donibane Lohizune (2)
Donibane Lohizuneko hondartza | Argazkia: Franck Dolosor

"Galizia, Kantabria, Zarautz eta Donostia jadanik ezagutzen ditugunez, orain nahiago ditugu Miarritze eta inguruak bisitatu" azaldu dute Zaragozatik etorri diren Albertok eta Sandrak. Miarritzeko itsasargiaren ondoan oinez dabilen bikote gazteak toki freskoagoak eta berdeagoak nahiago ditu orain. Beren inguruan ere gero eta familia gehiagok hautu bera egiten dute. Marta Bartzelona ondoan bizi da senarra eta alabarekin. Euskal kostan barrena dabilen katalanak eskertzen du hemen noizean behin berokia jantzi behar dela. Bere hitzetan, Espainiako hegoaldea ongi dago urte hasieran eta gero urrian edo azaroan ibiltzeko. Beroaldiak direla eta, argi dauka ez duela gehiago bertara joan nahi uda garaian.

Pirinio Atlantikoetako departamenduko turismo agentziaren arabera, 2025ean 19 milioi turista etorri ziren Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Zuberora

Egunotan Lapurdiko kostaldean ohi baino gaztelania gehiago entzuten da, batik bat Miarritze eta Donibane Lohizune bezalako itsas bazterreko udalerrietan. Turista horien artean hego amerikar asko dago ere. Horien kopurua ere handitu dela argi dute turismo saileko profesionalek. "Orain bero gehiegi egiten du Espainian eta beraz nahiago dugu Miarritze bezalako hiriak bisitatu. Asko gustatzen zaigu, asko gozatzen dugu, sorpresa ederra izan da, harrigarria. Lehen aldia da bertara etorri garela eta prest gaude itzultzeko. Hemen dena ongi dago: bideak eta baita segurtasuna ere, eta hori oso garrantzitsua da guretzat", dio Juanak, uda honetan Mexikotik etorritako bisitariak. "Hasiera batean Espainiara joan behar genuen, baina azkenean norabidea aldatu dugu eta pozik gaude aukeraketa berriaz. Izan ere, Euskal Herrian ere bero egiten du tarteka, baina kostan aire girotua kalean bertan daukagu maiz maiz".

Ipar Euskal Herriko turismo profesionalek begi onez ikusten dute Espainiatik eta hego Amerikatik datozen bisitarien multzoa handitzen ari dela urtez urte, Frantziako Estatuko turisten kopurua doi bat apaldu baita han eta hemen. Landetako eta Girondako sute handiengatik A63 autobidea hetsia egon zen zenbait egunez eta turista frantziarren egonaldiak gero eta laburragoak dira, bizpahiru egunekoak dira gero eta maizago. Pirinio Atlantikoetako departamenduko turismo agentziaren arabera, 2025ean 19 milioi turista etorri ziren Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Zuberora. Ipar Euskal Herrian turismo sailak 15.000 lanpostu biltzen ditu, horietatik 8.400 Lapurdiko kostaldean.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain