• EKONOMIA
  • Larrialditik pizkundera: lan munduaren ekarpena

Larrialditik pizkundera: lan munduaren ekarpena

Larrialdian egotea adierazteak etsipenerako baino aurrera egiteko indarrak batzera eraman behar gaitu

Argazkia: iStock
Argazkia: iStock
Bai Euskarari Elkartea
2025eko abenduaren 27a - 05:30

Larrialdi linguistikoan gaudela agerian uzten duten adierazle asko daude. Besteak beste, datu soziolinguistikoek erakusten dute euskararen erabilerak atzera egin duela eremu euskaldunenetan, eta joera hori Euskal Herri osora hedatzen ari dela. Gainera, gero eta gutxiago dira euskaraz erdaraz baino errazago moldatzen diren hiztunak. Erabilerari dagokionez, hiztunen %17,5ek baino ez dute euskara egunerokoan erdarak adina edo gehiago erabiltzen.

 

Larrialdian egotea adierazteak etsipenerako baino aurrera egiteko indarrak batzera eraman behar gaitu. Gaur, abenduak 27, Euskalgintzaren Kontseiluak deituta milaka euskaltzale bilduko gara euskaldunon indar eta batasuna erakusteko. Ekitaldiarekin euskal gizarteari mezu argi bat helarazi nahi zaio: batetik, euskara guztion ardura dela eta bestetik, hizkuntza-politiketan ezinbestekoa eta premiazkoa dela jauzi sendo bat egitea.

Aurreko pizkundean euskararen normalizazioan aurrerapauso handiak eman genituen, baina egoera eta erronka berriek pizkunde berri baten premia erakusten dute

Euskaltzalez betetako Bilbao Arenako gaurko ekitaldian, larrialdia indarraldi bihurtzeko eman beharreko pausoak proposatuko dira. Gaurko eguna une sinboliko bezain garrantzitsua izango da, euskarak behar duen Pizkunde berri baten lehen txinparta.

 

Zergatik pizkunde baten beharra?

Larrialdi linguistikoan gaude. Aurreko pizkundean euskararen normalizazioan aurrerapauso handiak eman genituen, baina egoera eta erronka berriek pizkunde berri baten premia erakusten dute. Hizkuntza-politikan jauzi bat egin, adostasuna lortu eta euskaltzaleon mugimendua berpiztu nahi da.

Hizkuntza-politikan jauzi bat egin, adostasuna lortu eta euskaltzaleon mugimendua berpiztu nahi da

Euskalgintzaren Kontseilutik norbanako euskaltzale guztiei euskaltzaletasuna indartzen jarraitzeko deia egiten zaio, bizi diren herri eta auzoetan, lantokian, ikastetxeetan, zein arlo guztietako elkarteetan batzera, elkarrekin antolatzera, hizkuntzaren auzia mahai gainera eta lehentasunetara ekartzera, ekimenak biderkatzera.

Eta lan munduan?

Kontuan hartu behar dugu herritar gehienok gure bizitzaren zati handi bat lanean igarotzen dugula. Eremu ekonomikoko eragileek gizartean eragin handia dute, herritarren ongizatearekin eta lan-bizitzarekin lotuta daudelako. Horregatik, gure erabaki eta jardunek funtsezko zeregina dute euskararen normalizazioan eta biziberritzean. Beraz, zein da lan munduak behar duen pizkundea? Adostasun eta aktibazio horretan enpresek eta entitateek asko dute esan eta egiteko.

Batuz Aldatu aldarrikapenean, eremu sozioekonomikoa ere estrategikotzat hartu da euskararen biziberritzean aurrerapausoak eman nahi baditugu. Lan mundua euskararen erabilera sustatzeko arnasgune funtzionala izan dadin neurriak hartu beharko ditugu. Erakunde publikoen aldetik, arautze eta sustapen politiken bitartez bideratu beharko dute aukera hori. Noski, arreta berezia jarri beharko dugu eremu horretako pertsona zaurgarrienetan (sektore prekarizatu eta feminizatuetan, esaterako), eta eremu bakoitzera egokitutako neurri eta baliabideak asmatu beharko ditugu, bai eremu publikotik, baita euskalgintzaren aldetik ere.

Arreta berezia jarri beharko dugu eremu horretako pertsona zaurgarrienetan (sektore prekarizatu eta feminizatuetan, esaterako), eta eremu bakoitzera egokitutako neurri eta baliabideak asmatu beharko ditugu

Enpresa, entitate, elkarteek eta horietan diharduten zuzendari edota liderrek beraien eragin-gaitasunarekin jabetu, euskaraz lan egiteak dakarkien balio erantsiaren kontzientzia hartu eta hori zabaldu beharko dute. Beren enpresetan hizkuntzaren-kudeaketari lekua eskaintzea, euskara-planak txertatzea eta horrela bada, beraien inguruko bazkide, bezero eta hornitzaileen artean zabaltzea.

Bai Euskarari elkarteak?

Bai Euskarari Elkartearen xedea da lan munduan euskararen erabilera areagotzeko eragitea. Bai Euskarari ziurtagiriarekin hasi genuen ibilbidea eta lan munduan euskaraz eroso aritzeko proiektuak ari gara eskura jartzen.

Bai Euskarari komunitatea ziurtagiridunek eta elkartearekin harremanetan eta elkarlanean diharduten entitateek osatzen dute. Oso garrantzitsua da komunitateko kideek euskara sustatzeko duten konpromisoa eta jarrera. Enpresek eta erakundeek euskararen erabilera normaltzat hartu behar dute, eta horretarako ezinbestekoa da langileek duten euskaraz lan egiteko eskubidea errespetatu eta sustatzea.

Euskararen normalizaziorako hartzen diren konpromisoak benetan gauzatuko direla bermatzeko, ezinbestekoa da ikuspegi integrala izatea, hizkuntza politika ez dadin izan ekimen isolatuen multzo bat

Garrantzitsua da entitateek beren hizkuntza egoeraren azterketa egitea eta aurrera begirako helburuak zehaztea. Euskararen normalizaziorako hartzen diren konpromisoak benetan gauzatuko direla bermatzeko, ezinbestekoa da ikuspegi integrala izatea, hizkuntza politika ez dadin izan ekimen isolatuen multzo bat, baizik eta erakundearen kudeaketa orokorrean txertatutako ardatz estrategikoa.

Azterketa horrek hainbat alderdi hartu behar ditu kontuan. Alde batetik, langileen hizkuntza-gaitasuna funtsezkoa da, bai barne funtzionamenduan, bai kanpora begirako zerbitzuan euskararen erabilera bermatzeko. Bestetik, zerbitzu-hizkuntzak eragin zuzena du erakundearen irudian, bai hizkuntza-paisaiaren bidez, bai kanpora begirako ahozko eta idatzizko harremanetan, baita ingurune digitalean ere.

Zerbitzu-hizkuntzak eragin zuzena du erakundearen irudian, bai hizkuntza-paisaiaren bidez, bai kanpora begirako ahozko eta idatzizko harremanetan, baita ingurune digitalean ere

Era berean, lan-hizkuntzaren erabilera aztertu behar da, barneko ahozko eta idatzizko komunikazioan, baliabide informatikoetan eta eguneroko lan-prozesuetan euskarak duen presentzia eta erabilera neurtuz. Horri lotuta, kanpo harremanek ere garrantzi berezia dute, bai administrazio publikoarekin izaten diren harremanetan, bereziki kontratazio publikoaren esparruan, bai hornitzaileekin eta bestelako eragileekin, euskararen erabileran eragiteko eta sareak eraikitzeko aukera gisa.

Bai Euskarari Elkarteak komunitate horri orientazioa, aholkularitza eta tresna praktikoak eskaintzen dizkie, enpresek eta erakundeek euskararen erabilera modu eraginkorrean txerta dezaten beren eguneroko jardunean. Garrantzitsua da sareak eraikitzen jarraitzea, indarrak eta ahaleginak batzeko. Helburu horrekin eta komunitatearen beharrak eta erronkak kontuan hartuz, Bai Euskarari Elkartea 2026-2028ko plan estrategikoaren definizioan ari da.

Sorreratik Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera sustatzeko lanean aritu da, betiere komunitatearen beharrak eta erronkak kontuan hartuta. Hausnarketa eta berrikuntza unea iritsi da

Sorreratik Bai Euskarari Elkartea lan munduan euskararen erabilera sustatzeko lanean aritu da, betiere komunitatearen beharrak eta erronkak kontuan hartuta. Hausnarketa eta berrikuntza unea iritsi da. Euskalgintzak bizi duen egoera ez da erraza: erronka berriek, hizkuntza ohituren aldaketek eta lan munduko dinamikek gure jarduna berriz pentsatzera bultzatzen gaituzte.

Testuinguru horretan, Bai Euskarari Elkarteak bere plan estrategiko berria zehaztuko du, norabide argi eta ausart batekin. Helburua da elkartearen indarra berritu, komunitatea sendotu eta euskararen presentzia lan munduan zein gizartean indartzea. Horretarako, bost ardatz nagusi zehaztea aurreikusi da: ikuspegi eta norabide berria, lidergo eredua, antolakuntza eta kudeaketa sistema, komunitatearen garapena eta lan munduan euskararen posizionamendua indartzea.

Plan estrategiko hori ez da soilik dokumentu bat izango, etorkizunerako konpromisoa baizik. Bai Euskarari Elkarteak bere ibilbideari jarraipena emango dio horrekin, baina aldi berean berrikuntza eta eraldaketa bultzatzen ditu, euskarak lan munduan eta gizartean behar duen lekua izan dezan.