Leartibai Fundazioak 2026ko Leartibai Sariak banatu zituen atzo Markina-Xemeinen. Bosgarren ediziora 65 proiektu aurkeztu ziren, iaz baino bederatzi gehiago, eta horietatik 15ek jaso zuten saria. Guztira, 18.500 euro banatu dituzte ekintzailetza sustatzeko antolatutako lehiaketan.
Gazteen parte-hartzea nabarmendu da aurtengo edizioan: 35 urtetik beherako ekintzaileek abian jarritako 16 negozio aurkeztu dira, baita ikasleen beste 26 negozio-ideia ere. Emakumeek ere presentzia handia izan dute, azken urtean sortutako 39 enpresetatik 22 emakume ekintzaileen ekimenak baitira, %56.
Zortzi kategoriatan banatu zituzten sariak, besteak beste, berrikuntza, ostalaritza eta turismoa, merkataritza, kooperatibagintza, emakumeen ekintzailetza eta gazteek sortutako enpresak. Aurten, gainera, ekonomia urdinari lotutako kategoria berria gehitu dute, eta Aran Elektrizitateak jaso du saria. Arrantza sektoreko enpresei eskaintzen dizkie zerbitzuak Ondarroako portuan kokatuta dagoen enpresak.
Saritutako gainerako proiektuen artean daude LTK Cryosolutions, Campers Kai, Lilie: Fragantziak & Kosmetika, Nord Auto Markina eta Etxea Brillante M&M. Gazteek sortutako bost enpresa saritu zituzten: Arnaitz Casco Elektrizitatea, Az tarna Fisioterapia, Gabiola Mindbody, Golko System eta Zilluta Konponketa Lanak. Ikasleen negozio-ideien artean, berriz, Erabili eta Innerly proiektuak izan sarituak. Horiez gain, ASSET sarien bidez, Ecoview eta CEM proiektuak ere aitortu zituzten.
Sari banaketa Leartibai Fundazioaren 25. urteurrenaren testuinguruan egin zuten. Erakundearen arabera, ibilbide horretan zehar 650 enpresa berri eta 800 lanpostu baino gehiago sortzen lagundu du Lea-Artibain. Gainera, 25 urteotan 160.000 euro baino gehiago banatu ditu fundazioak ekintzailetza sarietan, eta 100 enpresa baino gehiago saritu ditu. Ekitaldian, Zatozte Ondarroako merkatari eta ostalari elkartearen 25. urteurrena ere omendu zuten.
Herritarren babesa neurtzeko Instagram bidezko ekimenean ere 3.000 boto baino gehiago bildu zituzten, zeinaren arabera Zirkular proiektua izan zen publikoaren gustukoena.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta