• EKONOMIA
  • Leartibai fundazioa aurkeztu dute, eskualdeko garapen ekonomikoa bultzatzeko erakunde berria

Leartibai fundazioa aurkeztu dute, eskualdeko garapen ekonomikoa bultzatzeko erakunde berria

Egitasmoa martxan jartzeko lehen urratsak duela bi urte egin ziren, eta iaz eman ziren erakundea sortu eta izapidetzeko azkeneko pausoak

Argazkia: Leartibai fundazioa
Argazkia: Leartibai fundazioa
Markina-Xemein
2022ko otsailaren 4a - 13:00
Eg. 2025eko apirilaren 4a - 17:29

Lea Artibai (Bizkaia) eskualdean garapen ekonomikoaren aldeko apustuarekin aurrera egiteko asmoz, Leartibai fundazioa aurkeztu berri dute jendaurrean, Markina-Xemeneingo Berrikuntza gunean. Erakunde publiko-pribatua sortzeko egitasmoa duela bi urte abiarazi zuten, eta dagoeneko abian da.

 

Fundazioak bere gain hartuko ditu lehen Azaro fundazioaren eta Lea Artibaiko Landa Garapen Alkartearen egitekoak. Alegia, bi elkarte horiek egindako lana oinarri hartuta, beste pauso bat ematea bilatzen dute fundazioaren sorrerarekin. Zehazki, sei ildotan sakontzen jarraitzeko apustua egingo du, Ainhoa Arrizubieta erakundearen zuzendari nagusiak azaldu duenez: ekintzailetza, “sortu, erakarri eta mantzentzeko” helburuarekin; industria, hura astintzeko, "25 enpresa industrialen lehiakortasuna hobetuko duten berrikuntza proiektuak garatuz, digitalizazioa eta jasangarritasuna oinarri hartuta"; tokiko merkataritza; turismoa, “Lea Artibai helmuga erakargarria izateko lanean jarraitu” nahi baitute, sektoreko 40 enpresekin egindako elkarlanari eutsita; herritar langabeen laneratzea, eskualdeko langabeei tresnak eskainita; eta landa garapena. Alor horietan guztietan, sinergiak eragiteko helburua ere badu fundazioak.

Aurkezpen ekitaldian hainbat sektoretako enpresak etorkizuneko erronkei buruz aritu dira lanean. Era berean, parte hartu dute Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, Ainara Basurko Ekonomia Sustatzeko Foru Diputatuak, eta Cristina Mugica Lurralde Lehiakortasuna eta Turismoa Sustatzeko zuzendari nagusiak.