• EKONOMIA
  • Sidenor, CIE Legazpi eta Legazpiko Udala zigortu dituzte amianto kasu batengatik

Sidenor, CIE Legazpi eta Legazpiko Udala zigortu dituzte amianto kasu batengatik

376.305 euroko kalte ordaina eman beharko diote langileari

Pleurako mesotelioma gaiztoa diagnostikatu zioten langileari | Argazkia: iStock
Pleurako mesotelioma gaiztoa diagnostikatu zioten langileari | Argazkia: iStock
2025eko uztailaren 21a - 13:31

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak atzera bota ditu CIE Legazpik, Sidenor Aceros Especiales enpresak eta Legazpiko Udalak aurkeztutako helegiteak, eta baliozkotzat jo du amiantoaren ondorioz gaixotu zen langile bati 376.305 euroko kalte-ordaina emateko epaia. Eibarko Epaitegiak emandako lehen ebazpena berretsi du Lan Arloko Salak, Asviamie Euskadiko Amiantoaren Biktimen Elkartearen arabera.

 

Langileari 2023ko urrian pleurako mesotelioma gaiztoa diagnostikatu zioten, zeinak 1970ean hasi zuen bere lan ibilbidea Patricio Echeverría enpresan, baldintza arriskutsuetan, babesik eta informaziorik gabe amiantoz isolatutako labeak manipulatzen zituela. Asviamiek salatu du enpresak ez zuela amiantoaren partikulen xurgapenerako sistemarik, ez langileei arriskuen berri eman, ezta babes-ekipamendurik eskaini ere.

1979tik 2016ra bitartean, Legazpiko Udalean ur-arduradun gisa aritu zen langilea, eta fibrozementuzko hodiak konpontzen lagundu zuen. Elkarteak dioenez, udalak ez zuen behargina arriskuez ohartarazi, ezta osasun-azterketa espezifikorik eskaini ere.

 

2024ko abuztuan, GSIN Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak laneko gaixotasunagatiko Ezintasun Absolutuaren aitorpena eman zion. Udalak amiantoarekiko esposizioa zehaztea “ezinezkoa” izan zela argudiatu zuen, eta CIE Legazpik zein Sidenorrek uste zuten “amiantoarekiko esposizioa ez zela egiaztatuta geratu”; izan ere, GSINren ebazpenak ez zuen argitzen gaixotasuna non hartu zuen. Aldi berean, garai hartan derrigorrezko araudirik ez zegoela baieztatu zuten.

Asviamiek azpimarratu du amiantoak eragindako kalteak prebenitzeko araudia 1982. urtea baino lehen zegoela indarrean, eta inplikatutako erakundeek ez zutela hori kontuan hartu gaineratu du. Hori dela eta berretsi du zigorra Auzitegi Nagusiak.