Lehen etxebizitzarako ICO abalak ematea onartu du Espainiako Gobernuak

Ministroen Kontseiluak argi berdea eman dio ICOren abal lerro bat sortzeari, adingabeak ardurapean dituzten familien eta 35 urte arteko gazteen hipoteka kredituaren %20ra arte estaltzeko

Donostia da etxebizitza garestienak dituen euskal hiriburua | Argazkia: iStock Donostia da etxebizitza garestienak dituen euskal hiriburua | Argazkia: iStock

Espainiako Ministroen Kontseiluak onartu egin du hipotekaren %20ari aurre egiteko ICOren abalak emateko aukeraren neurria, asteburuan Pedro Sanchez presidenteak aurreratu zuena.

Raquel Sanchez Espainiako Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako ministroak ezagutarazi ditu neurriaren xehetasunak. Hala, azaldu du neurria adingabeak ardurapean dituzten familiei eta 35 urtetik beherako gazteei zuzenduta dagoela, euren hipotekaren %20ra arte estaltzeko. Ministroak gaineratu duenez, %25ekoa ere izan liteke, betiere etxebizitzak D motako gutxieneko energia kalifikazioa badu. Kreditu Ofizialeko Institutuak (ICO) emango ditu etxebizitza hipotekari aurre egiteko abal horiek.

"Etxebizitza erosteko nahia eta borondatea duten, kaudimena eta finantza-gaitasuna duten, baina banketxeak eskatzen dien sarrera ordaintzeko beharrezko aurrezkia ez duten gazte eta familiei zuzenduta dago”, adierazi du ministroak. Gauzak horrela, 50.000 onuradun izan ditzakeela gaineratu du.

ICO abalen funtzionamendua

Erosi nahi den higiezinaren prezio osoaren %80ko hipotekak ematen dituzte bankuek, eta horrek, sarrera gisa gainerako %20a ordaintzera behartzen ditu herritarrak. Hau dam 150.000 euroko pisu bat erosterakoan, erosleak 30.000 euro aurreztu behar izaten ditu aldez aurretik. Diru horretaz gain, Ondare Eskualdaketen gaineko Zerga (ITP) ordaintzeko betebeharra ere badu herritarrak, eta zerga hori, autonomia erkidegoaren arabera, %6 eta %11 artekoa da.

Hori horrela, abal horiek %20 hori ordaintzen lagunduko lukete, baina zenbait baldintza bete beharko dira abala eskatu ahal izateko. 35 urtetik beherako gaztea izanda, Iprem adierazlea baino 4,5 aldiz diru-sarrera txikiagoa izan beharko du eskatzaileak, hau da, urtean 37.800 euro artekoa. Bi sinatzaile izanez gero, diru-sarreren muga bikoiztu egingo litzateke, eta, beraz, guztira 75.600 eurokoa izango litzateke.

Adingabeko seme-alabak ardurapean dituzten familien kasuan, guraso bakarrekoak izan ala ez, ez dago adin mugarik eskatzaileentzat. Gainera, diru-sarreren muga ere aldatu egingo litzateke seme-alaba kopuruaren arabera. Zehazki, adingabe bakoitzeko %0,3 igoko litzateke muga hori, eta guraso bakarrekoa izanez gero, diru-sarreren muga %70eraino igo liteke.

Ministroak jakinarazitakoaren arabera, abalek ez dute kosturik izango eskatzailearentzat, eta 2025eko abenduaren 31ra arte eskatu ahal izango dituzte, beste bi urtez luzatzeko aukerarekin.  

Bestalde, Pilar Alegria Hezkuntza ministro eta PSOEren bozeramaileak ziurtatu du ICOren abalak "berehala" egongo direla eskuragarri, baina oraindik zehazteke dago abalak eskatzeko epea zehazki noiz zabalduko den.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK