• EKONOMIA
  • "Egungo munduan gakoa ekoizkortasuna da"

"Egungo munduan gakoa ekoizkortasuna da"

Juan Francisco Jimeno Espainiako ekoizkortasun kontseiluko presidentea izan da Adegik eta Kutxabankek antolaturiko gosariaren XIV. edizioko protagonista

Jimeno, gaurko agerraldian | Argazkia: Adegi
Jimeno, gaurko agerraldian | Argazkia: Adegi
Maite Reizabal Arregi
EnpresaBIDEAko egunkariko zuzendaria
2025eko azaroaren 6a - 05:30

"Lehen fokua lehiakortasunean zegoen. Egungo munduan gakoa ekoizkortasuna da". Mezu argi horirekin abiatu du Juan Francisco Jimeno Espainiako ekoizkortasun kontseiluko presidenteak Adegik eta Kutxabankek antolaturiko lan-gosariaren XIV. edizioa, atzo goizean Donostian eginikoa. Isabel Busto presidentea eta Eduardo Ruiz de Gordejuela Kutxabankeko zuzendari nagusia anfitrioi izan dituen hitzorduko hizlari nagusia izan da Jimeno, Alcaláko Unibertsitateko Ekonomia irakaslea eta Espainiako Bankuko ikertzaile ere badena. "Ekoizkortasuna eta lehiakortasuna nahastu egin ohi dira, baina bi terminoak bereiztea ezinbestekoa iruditzen zait", aldarrikatu du. "Batetik, ekoizkortasuna da lehiakortasun iturri nagusia. Baina gainera, epe luzera lehiakor izateko zutabe nagusia ere bada, betiere ulertzen badugu hori dela geroz eta produktu hobeak merkatuan jartzea edota prezio txikiagoetan", gaineratu du.

 

Ikertzailearen hitzetan, XVIII. mendetik bizi-kalitatearen hobekuntza gertatu da ekoizkortasunaren gorakada izan delako teknologia berrien garapenari esker. Per capita BPG eta aisialdirako denbora hartzen dituzte aintzat hori neurtzeko. "Normalean per capita BPGaren erabilera kritikatu egin ohi da. Argi dago: ez dago diseinatua herrialde baten sortzen den ongizatea neurtzeko". Hala ere, Jimenezek dioenez, BPG geroz eta hobea izan, orduan eta errekurtso gehiago bizitza kalitate hobea izateko; besteak beste gaitasun handiagoa dugu kontsumitzeko eta administrazio publikoek hobekuntzak egiteko. "Ongizatea neurtzeko aldagaiek korrelazio positiboa izan ohi dute per capita BPGarekin", dio. Era berean, zifra hori hazteak ahalbidetzen du errenta maila galdu gabe lan-orduak jaistea, esandakoaren arabera.

Juan Francisco Jimeno: "Ongizatea neurtzeko aldagaiek korrelazio positiboa izan ohi dute per capita BPGarekin"

Irakurketa enpresa ikuspegitik, sektore publikoaren ikuspegitik edo dena delakotik egin, ekoizkortasunari loturiko kezkak aldatu daitezke. Baina kasu guztietan, "per capita BPGaren hazkundeari heltzen dion faktorea da lan egindako ordu bakoitzeko produktibitatea", adierazi du Jimenezek. Beste era batera esanda, zein gaitasun dugun lan egiten dugun ordu bakoitzean geroz eta ekoizkorrago izateko. "Esparru horretan erabili ohi dugu termino bat ekonomistek, izena duena faktoreen ekoizkortasuna. Azken batean hori da zein gaitasun duzun gehiago ekoizteko horretarako baldintzak ukitu gabe. 

 

Azken urteetako kezketako bat da ekoizkortasun mailak beherakada izan duela, batez ere XX. mende amaieratik. "XX. mendean zehar hazkundea %2ren bueltan izan da Espainian, BPG per capita eta orduen murrizketaren gehikuntza bezala hartuta, baina XX. mende amaieratik erdia baino gutxiago da, nahiz eta 2022tik lan egindako ordu bakoitzeko ekoizkortasuna %1 ari den hazten". Ekoizkortasun kontseiluko presidenteak adibide batekin mahaigaineratu du aldea zer-nolakoa izan daitekeen: %2ko hazkundeak esan nahi du bizi-kalitatea 35 urte barru bikoiztuko dela; %1eko hazkundeak esan nahi du bizi-kalitatea 70 urte barru bikoiztuko dela. "Lehenengo kasuan gure seme-alabak izango lirateke onuradun; bigarrenean, gure bilobak". Jimenok esandakoaren arabera 2014-2019 epealdian hazitakoa bider lau hazi beharko litzateke.

"XX. mendean zehar hazkundea %2ren bueltan izan da Espainian, BPG per capita eta orduen murrizketaren gehikuntza bezala hartuta, baina XX. mende amaieratik erdia baino gutxiago da, nahiz eta 2022tik lan egindako ordu bakoitzeko ekoizkortasuna %1 ari den hazten"

Lan egindako orduko ekoizkortasun horren gorakada nabariagoa izaten ari da zerbitzuetan industrian baino. Gauzak horrela, EAEn eta Nafarroan industriak duen pisua ikusita, Espainiako batez bestekoa baino apur bat beherago dago bietan lan egindako ordu bakoitzeko ekoizkortasuna. "Deigarria da, batez ere aintzat hartzen badugu ekoizkortasunak berak nabarmen egin duela gora azken urteetan", esan du.

Trantsizio garaian egin beharreko egokitzapenak

Lan egindako ordu bakoitzeko ekoizkortasuna hobetzeko faktore gakoak izan daitezke talentua eta adimen artifizialaren txertatzea. Zentzu horretan, baina, trantsizio demografikoak hainbat erronka dakartza enpresentzat. Batetik, jende falta dela eta, batez ere enpresek —industrialek kasu honetan— behar dituzten profilekin. "Egun STEM esparruko graduak amaitu dituztenak duela 10-15 bat urte baino gutxiago dira", azaldu du. Bestetik, biztanleria aktiboaren zahartzea, belaunaldi erreleboak egiteko beharra bultzatzen duena. "Ekoizkortasunak osagarritasunarekin zerikusi handia du. Osagarri garenean hobetzen ditugu gauzak. Baina orain kontua da belaunaldi lanean ari diren belaunaldi zaharrenek eta berriek alde nabariak dituztela, besteak beste lan-kulturari dagokionez", azpimarratu du Jimenok.

Lan egindako ordu bakoitzeko ekoizkortasuna hobetzeko faktore gakoak izan daitezke talentua eta adimen artifizialaren txertatzea. Zentzu horretan, baina, trantsizio demografikoak hainbat erronka dakartza enpresentzat

Beste erronka adimen artifiziala da. "Oraindik oso modu mugatuan ari da enpresetan erabiltzen. Eta oraindik zalantza dago zein puntura arte izango den burbuila edo espektatibak beteko dituen". Azterketetan aritzen diren adituek ere askotariko zenbakiak ematen dituzte enpresa bati AA txertatzeak suposatu diezaiokeen hazkundeari buruz. "Edozein kasutan langileei tresnak eskaini beharko zaizkie teknologia berrietara egokitzeko; eta lanen antolaketan ere egokitzapenak egin beharko diram zehazteko noiz erabili AA, noiz egin kasu eta noiz ez...". Hala ere, horren txertatzean ekoizkortasunari dagokionez hainbat elementu aipatzen ditu: "orain are makinek lagundu digute fisikoki gaitasun handiagoa izaten. AAk garuneko gaitasunari egiten dio ekarpena". Horregatik uste du batez ere langile ez hain kualifikatuei lagunduko diela. Beste profil batzuetan, dena den, arazoak ikusten ditu, esaterako, "egun gazteenek edo gradua amaitu berri dutenek egiten dituzten lan batzuk —esaterako ikerketa laguntzaile izan— agian AAk egin ahalko dituelako. Nola lortuko dute gazteek lehen lortzen zuten ezagutza?".

Suntsitze sortzailea, erregulazioa eta hitzarmen kolektiboen negoziazioa

Ekoizkortasunerako hainbat elementu gako azpimarratu ditu Jimenok. Horietako bat da Ekonomiako Nobel Saria jaso duten hiru ekonomistek mahaigaineratutako "suntsiketa sortzailea", berrikuntzarekin oso loturik dagoena. Horrek erreferentzia egiten dio lehenagotik zegoen hori enpresa berrien sorrerak ordezkatzen duenean. "Prozesu traumatikoa da; denok nahi dugu hazkunde ekonomikoa, baina ez ditugu enpresen itxierak ikusi nahi, galerak...". Aldi berean, "ez da nahikoa berritzea; berrikuntza edo ideia enpresa bilakatu behar da. Start-up izatetik enpresa lider izatera igaro behar da", nabarmendu du. Horretarako finantzazioa eta erregulaziotik haragoko hazkundea gakotzat jo ditu. 

Zentzu horretan, hobeto erregulatzeko beharra nabarmendu du: "ez gutxiago, ez gehiago. Hobeto erregulatzeak esan nahi du hobeto erregulatzea. Egun dagoen erregulazioak eramaten du askotan enpresak hori euren kalterako izango denean harago ez haztea, izan fakturazioan, izan langile kopuruan". Erregulazioaren muga horiek zerikusi handia dute Jimenok azpimarratu duenez Europako merkatu bakarra guztiz eratuta ez izatearekin. "Duela gutxi Nazioarteko Diru Funtsak atera zuen txosten baten aipatzen zen".

Hitzarmen kolektiboen negozazioetan pauso bat emateko beharra ikusten du Jimenok: "gaur orduei eta soldatei erreparatzen zaie horiek negoziatzerakoan. Inork ez du hitz egiten ekoizkortasunaz"

Lan merkatuaren erregulazioari dagokionez, egokitzat jo du 2021eko erreforman txertatutako aldaketak, datuek diotenaren arabera "aldi batekotasuna txarra da ekoizkortasuna haziko bada". Hala ere, hitzarmen kolektiboen negozazioetan pauso bat emateko beharra ikusten du Jimenok: "gaur orduei eta soldatei erreparatzen zaie horiek negoziatzerakoan. Inork ez du hitz egiten ekoizkortasunaz".  

Eta hor bada beste faktore bat aintzat hartzekoa: " migratzaileak lan merkatuan modu egokian txertatzeak ekoizkortasunaren hazkundea areagotu egiten du. Horrek eskatzen du politika migratorioak birpentsatzea".