
Lehen sektoreak zahartze-prozesua bizi du, bai EAEn, baita Espainiako Estatuan ere. Ministerioak NPB 2024 (Nekazaritza Politika Bateratua) kanpainari buruz argitaratu dituen azken datuen arabera, ENBA euskal nekazarien elkarteak gogorarazi du autonomia erkidegoan NPB eskatzaileen (laguntzak jasotzeko eskaera egiten duten nekazari edo abeltzainak) kopurua %49,98 murriztu dela azken hamabost urteetan, hau da, ia erdira.
EAEren kasuan, hogeita bost urtetik beherakoek ez dute eskatzaileen %1 gainditu, nahiz eta gorakada txiki bat izan. 40 urtetik beherakoen kopurua egonkor mantendu da, %10 inguruan; aldiz, 40.65 urte bitarteko taldea 3,68 puntu hazi da, %55,19ra iritsita. Azkenik, 65 urtetik gorakoen ehunekoa %34,31ra jaitsi da.
Espainian, antzeko joerak islatzen ditu egoerak, baina badaude desberdintasun esanguratsuak ere. Eskatzaileen kopuruak %37,38 egin du behera 2009. urteaz geroztik, eta 25 urtetik beherakoak ere %1etik behera daude. 40 urtetik beherakoak %8,87ra jaitsi dira, 40-65 urte bitarteko taldea zertxobait hazi da (%52,13), eta, 65 urtetik gorakoei dagokienez, %36,5 izatetik %39 izatera igaro dira.
ENBAk azaldu du datuek “inbertitutako piramide demografikoa” erakusten dutela, zeinak belaunaldien arteko errelebo falta eta gero eta zahartze handiagoa ezaugarri dituen. Txostenean adierazten denez, “oso arazo konplexua” da, eta gizarte osoaren inplikazioa ez ezik, sektoreko eragileen elkarlana eta erakunde publikoen laguntza ere eskatzen ditu.