Urteak eta urteak ikasten pasatu ondoren, azkenean iritsi zaizu zure lehen soldata. Asteburuetako parrandak ordaindu eta dirutxo bat ateratzeko lantxoren bat edo beste egin izan duzu: klase partikularrak honi, haurra zaindu hari, ordainpeko faborea besteari. Zerikusirik ez, ordea, lehen soldata (ustez, duin) batekin. Zer egin, ordea, aurreneko lansaria jasotzean? Akaso, Sheineko saskian aspalditik gordetako jantziak erostea bururatuko zaizu; atera berri den iPhone 17a eskuratzeko aukera ona ere izan daiteke; eta Thailandiara bidaia bat egitea?
Irabazitako dirua di-da gastatzea baino gauza errazagorik gutxi dago munduan. Ez da izango, ordea, inondik inora ere, hartu daitekeen erabakirik onena. Adi: horrek ez du esan nahi ideia txarra denik esfortzua egin ondoren eskuratutakoarekin disfrutatzea, ezta gutxiago ere, baina badira kontuan hartu beharreko beste zenbait alderdi ere.
Hala, lehen soldata jaso ez baduzu, ordurako apunteak har ditzakezu artikulu honetatik. Soldata hilero jasotzen baduzu eta, nola ez dakizun arren, zure kontu korronteko zenbakia arrapaladan beheratzen bada, hurrengo soldata jasotzen duzunerako apunteak har ditzakezu.
Gaurko ohitura, biharko lasaitasuna
Galdetu iezaiozu zeure buruari: “Zenbat irabaziko dut hilean?”. Agian diru-iturri bakarra izango da lansaria, baina, akaso, badauzkazu bestelako diru-iturri txikiak ere (esaterako, ohikoa izaten da klase partikularrak ematea). Demagun hilabeterako 1.300 euro dituzula. Behin dena batuta, eman hurrengo pausoa eta galde iezaiozu zeure buruari: “Zenbat gastatzen dut hilean?”.
Bigarren galdera horren erantzuna ez da horren erraza izaten. Are gehiago, normala izaten da hasiera batean galdu xamar ibiltzea. Erantzuna argi izan ez arren, gutxi gorabeherako kalkulua egiten has zaitezke, eta, horretarako, gastu finkoak eta gastu aldakorrak identifika ditzakezu. Ikasketak amaitu berri badituzu, ohikoena gurasoen etxean bizitzen jarraitzea da; ondorioz, ez duzu gastu finko handirik izango (alokairua, hipotekak, maileguak… urrunegi ikusten dituzu). Baina agian hilero ordaintzen duzu Spotify edo Netflix bezalako plataformaren bat, hilero joaten zara zinemara, hilero bazkaltzen duzu jatetxe batean edo hilero erosten duzu libururen bat. Zenbateko horiek gastu finko gisa zenbatu ditzakezu, beraz. Bestelako gastu errepikakorren kasuan ere (arratsaldetako kafeak, festetarako dirua edota kapritxoak), gutxi gorabeherako bat kalkula dezakezu, gastu aldakorren zenbatekoa jakiteko. Orotara, demagun hilabeterako 400 euroko gastua kalkulatzen duzula.
Galde iezaiozu zeure buruari: “Zenbat gastatzen dut hilean?”
Bi galdera horien erantzuna jakiteak aukera emango dizu pauso garrantzitsuenerako: behin irabaziak eta gastuak ezagututa, hileko aurrekontu bat prestatzea. Aurrekontu horretan bereiziko duzu aurrezteko (edo inbertsiorako) zenbatekoa, gastu finkoetarako zenbatekoa eta gastu aldakorretarako zenbatekoa. Aurrezkien 50, 30, 20 araua aski ezaguna da: soldataren %50 oinarrizko gastuetarako (gastu finkoak), %30 gastu pertsonaletarako (aldakorrak) eta %20 aurrezteko. Lehen soldata jasotzen dutenen kasuan, arestian esan bezala, ohikoa da gastu handirik ez izatea; beraz, arau hori moldatzea erraza izan daiteke: gorde %50 aurrezteko, %30 gastu finkoetarako eta %20 aldakorretarako. Ideia bat besterik ez da, ehunekoak bakoitzaren beharren araberakoak izango baitira.


Behin hori finkatuta, funtsezkoa da asteak pasa ahala gastuen kontrola egitea, nekeza izan badaiteke ere. Helburua izango litzateke hilabete hasieran egindako aurrekontuko zenbatekoak errespetatzea, ondo dakigun arren zaila izan daitekeela. Egunean-eguneko gastuak apuntatzea izan daiteke hori egiten laguntzeko aukera bat; ordainketa guztiak txartelarekin eginez gero, aste amaieran gastuak berrikusteko tartea hartzea ere izan daiteke bidea. Hala, gastu finko zein aldakorrak zeintzuk izan diren jakingo duzu, eta hilabetea pasa ahala argi izango duzu bakoitzerako gastatzeko zenbat geratzen zaizun. Gastuetarako gorde duzun diru guztia fisikoan izatea ere baliagarria izan daiteke, billeteak nola “joaten diren” ikusteak kontzientzia piztu ohi duelako.
Onuragarria izango da pauso horiek ematea lehen soldata jaso bezain laster, diruaren kudeaketa zaintzea ohitura bilaka dadin. Halere, lehen soldata jaso, aurrekontu bat egin eta hilabete amaieran konturatzen bazara gastuentzako kalkulua gaizki egin zenuela, ez amore eman. Hilabeteak pasa ahala, gero eta zehatzagoa izango zara gastuen planifikazioan, eta, ondorioz, aurrekontu errealistak egitea errazagoa egingo zaizu. Hala ikasten baita: proba eta errorea.
Dirua ez da gordetzen, bideratu egiten da
Gogora dezagun aurrekontua egiterakoan bertan aurrezteko (edo inbertsiorako) zenbatekoa zehaztu duzula. Aurrezki horrekin zer eta nola egin definitu baino lehen, komenigarria da “zertarako” galdegaiari erantzutea: zertarako aurreztu nahi duzu? Orain gordeko duzun diruarekin, zer eskuratu nahi duzu etorkizunean? Helburuak zehaztuta izateak beti lagundu izan dio gizakiari bidean aurrera egiten eta “prozesuan sinisten”. Finantzekin ere hala gertatzen da. Ez badugu helbururik, ez badugu aurrezteko arrazoirik, zergatik ez guztia gastatu?
Adituek diote zure hilabete bateko gastu totala 3-6 bider izan behar duzula prest, eskura, zer edo zer dela ere
Horregatik, aurrezkiarekin zer egin definitzeko hiru talde banatzea komeni da: epe laburrerako aurrezkia, epe ertainerako aurrezkia eta epe luzerako aurrezkia. Aurreztutako kopuru guztia bereizketarik egin gabe kontu bakarrean bildu daiteke, baina bisualagoa egingo da hiru kontu desberdinetan banatuz gero.
Epe laburrerako aurrezkia eskura izango duzun dirua izango da, larrialdiren bat edo espero ez duzun ezustekoren bat gertatuz gero, segurtasuna emango dizun “koltxoi” ezaguna. Adituek diote zure hilabete bateko gastu totala 3-6 bider izan behar duzula prest, zer edo zer dela ere. Aurrezten hasi berria bazara, lehen helburua izango litzateke diru hori lortzea eta ez ukitzea, larrialdirik gerta ezean, noski. Hortaz, lehen soldatan aurreztutakoa epe laburrerako aurrezki poltsa horretara bideratuko zenuke (baita, ziurrenik, bigarren zein hirugarren soldatako aurrezkia ere).
Behin hori lortuta, epe ertainerako eta epe luzerako aurrezkian pentsatzen jar zaitezke. Epe ertainerako aurrezkia, gutxienez, bost urte aurrera aurreikusten dituzun gastu handientzako bideratutako dirua izango litzateke: bidaia handi baterako ala auto bat erosteko dirua, kasu. Epe luzerako aurrezkia, aldiz, etorkizun luzera begirako dirua izango litzateke (proiektu handi batean erabiltzeko edo erretirorako gordetzeko, esaterako).
Dena dela, helburua edozein izanik ere, gakoa izango da aurrezkia hilabete hasieran automatizatzea. Gaur egungo banku tradizionaletatik harago joan gabe, erraza izaten da transakzio automatiko bat prestatzea dirua ohiko kontu korrontetik bestelako aurrezki kontu batera pasatzeko. Horrela, soldata jaso bezain laster, hilaren lehen egunean, bankuari eska diezaiokezu zuzen-zuzenean diru kopuru bat “eramateko”. Aurrezpena hilabete bukaerarako uzteak dakar errazagoa izatea diru hori gastatzea.
Lagungarria izango da aurrezkia handitzen joatea bizitza garestitzen den erritmo berean
Kontuan izan beharreko beste gai bat ere bada: inflazioa. Aurreztutako diru kopurua txikia edo handia izanik ere, denbora pasa ahala balioa galduko du, bai ala bai. Hortaz, lagungarria izango da aurrezkia handitzen joatea bizitza garestitzen den erritmo berean. Hori egiteko hainbat eta hainbat metodo daude, baina inbertsioen munduan barneratu gabe, banku tradizional gehienek jada eskaintzen dituzte interes tasa finkodun aurrezki kontuak, zeinak kontuan har ditzakezun konplikazio askorik gabe zure aurrezkia “errentagarria” izatea nahi baduzu. Gainera, gazteentzako eta lehen soldata lortuko dutenentzako eskaintza bereziak ere egin ohi dituzte nomina helbideratzeagatik, eta erabiltzaile berriak bereganatzeko teknika bada ere, errentagarritasuna aztertzea erabaki ona izan daiteke.