• EKONOMIA
  • Lehiaren Euskal Agintaritzak 28 zigor-espediente izapidetu zituen iaz

Lehiaren Euskal Agintaritzak 28 zigor-espediente izapidetu zituen iaz

Eusko Legebiltzarreko Ogasun eta Aurrekontu Batzordean izan da gaur Ainara Herce LEAko presidentea

Ainara Herce, gaur, Legebiltzarrean | Argazkia: LEA
Ainara Herce, gaur, Legebiltzarrean | Argazkia: LEA
2026eko martxoaren 13a - 13:04

Lehiaren Euskal Agintaritzak (LEA / AVC) 28 zigor-espediente izapidetu zituen iaz lehiaren aurkako ustezko jokabideak egiteagatik, Ainara Herce erakundeko presidenteak gaur jakinarazi duenez.

Hercek LEAren 2025eko jarduera-memoria eta aurtengo ekintza plana aurkeztu ditu ostiral honetan Eusko Legebiltzarreko Ogasun eta Aurrekontu Batzordean. Aurretik, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko lehendakariari eman dizkio bi dokumentuak, eta harekin bilera egin du.

 

2025ean, LEA/AVCk lehia sustatzeko 63 jarduketa egin zituen. Besteak beste, Lehiaren Euskal Kontseiluak, guztira, hainbat gairi buruzko 12 arau-txosten eta 12 txosten egin zituen, baita bi azterlan argitaratu ere.

“Joan den urtean, eta gure helburu estrategikoen ildotik, tokiko erakundeekiko harremana eta lankidetzarako bideak areagotu ditugu, lehiaren kultura sustatzeko eta jarduera ekonomikoan eta, zehazki, erosketa eta kontratazio publikoko prozesuetan eragina duen edozein jarduketatan erregulazio eraginkorraren printzipioak kontuan hartzeko. Gainera, unibertsitate publikoarekin eta pribatuarekin dugun harremana sendotu dugu, gai horietan adituak diren etorkizuneko profesionalen prestakuntza espezializatua errazteko”, nabarmendu du Hercek.

 

Esparru pribatuan, 2025ean, lehen aldiz, LEAk dirulaguntzen deialdi bat egin zuen EAEn jarduera ekonomikoa egiten duten enpresa txiki eta ertainen lehiaren arloko compliance programak finantzatzeko.

Bestalde, 2026ko ekintza planaren baitan, eta beste sustapen jarduketa batzuen artean, EHUrekin lankidetzan, unibertsitatean emango den Lehiaren Zuzenbideko Aditu Diploma titulu propioa abian jartzea dago aurreikusita.