• EKONOMIA
  • Leire Barañano (Euskorpora): "Euskarak eremu digitalean presentzia sendoa izatea ezinbestekoa da"

Leire Barañano (Euskorpora): "Euskarak eremu digitalean presentzia sendoa izatea ezinbestekoa da"

Leire Barañano | Argazkia: Euskorpora
Leire Barañano | Argazkia: Euskorpora
Garazi Etxaniz Idarreta
EnpresaBIDEAko kazetaria
2025eko abenduaren 31a - 12:00

2026ari begira jarrita, euskararen etorkizun digitala eta horrek euskal enpresa-ehunarentzat dituen aukerak izan ditu hizpide Leire Barañano Euskorporako zuzendari nagusiak. Are gehiago, bere aburuz, euskararentzat aktibo digital estrategikoak sortzea eta enpresa-ekosistema oso bat martxan jartzea funtsezkoak dira etorkizunari begira. Hain zuzen ere, 2026 urterako erakundeen, enpresen eta gizartearen arteko elkarlana ezinbestekotzat jotzen du, euskarak adimen artifizialaren ekosisteman presentzia erreal eta lehiakorra izan dezan.

 

Zein da euskararen corpus baten sorreraren ikuspegitik 2025eko albiste ekonomiko garrantzitsuena? Zergatik?

Garrantzitsuena euskararentzat aktibo digital estrategiko bat sortzea da. Aktibo horrek balio ukiezin oso handia du, izan ere, hori gabe ezinezkoa litzateke hizkuntza-teknologietan eta adimen artifizialean oinarritutako aplikazioak euskaraz garatzea eta erabiltzea. Euskarak eremu digitalean presentzia sendoa izatea ezinbestekoa da etorkizunean hizkuntza bizi eta erabilgarria izaten jarraitzeko.

 

Bestetik, eragin ekonomikoa ere azpimarratzekoa da, proiektu hau gauzatzeko Euskadiko enpresen inplikazioa beharrezkoa delako: euskararen ezagutza duten enpresak, teknologia berrietan adituak direnak eta hizkuntza-ereduen garapenean eta entrenamenduan esperientzia dutenak. Horrek guztiak balio-kate oso bat aktibatzen du eta tokiko enpresa-ehuna indartzen du.

Ildo horretan, Euskorporaren eragina oso esanguratsua da itzulpen-enpresen sarean, hizkuntza-ereduen garapenean eta aplikazio berrien sorreran. Ekimenak berrikuntza sustatzen du, lankidetza publiko-pribatua indartzen du eta euskararen inguruko ekosistema teknologikoa sendotzen laguntzen du, bai ikuspegi kulturaletik, bai ikuspegi ekonomikotik.

2026ra begira titular edo albiste hori moldatu ahalko bazenu, zein nahiko zenuke titularra edo albistea izatea?

Euskorporaren ekosistemak hazten jarraitzen du eta euskara munduko AA aplikazio nagusietan txertatzea bizkortzen du.

"Gizartean, erakundeetan eta enpresetan dagoen eduki aberats hori guztia biltzen jarraitu behar dugu"

Nola ikusten duzu 2026a zuen esparruan?

Oso interesgarria eta erronka handikoa da. Esku artean duguna argia da: gizartean, erakundeetan eta enpresetan dagoen eduki aberats hori guztia biltzen jarraitu behar dugu. Eduki horiek ezinbestekoak dira, betiere lege-berme guztiak errespetatuta, ondoren horiekin lan egin ahal izateko eta corpus digital bihurtzeko.

Corpus horiek dira oinarria, aurretik aipatutako enpresa guztiekin batera, hizkuntza-ereduak garatzeko, entrenatzeko eta balio erantsiko soluzioak sortzeko. Helburua argia da: euskarak ahalik eta azkarren adimen artifizialaren ekosisteman presentzia erreal eta lehiakorra izatea.

Ez dago denbora galtzerik. Elkarlanean aritzen bagara —erakundeak, enpresak eta gizartea—, aukera guztiak ditugu aurrean. Lankidetza horrek berrikuntza, garapen ekonomikoa eta euskararen etorkizun digitala uztartzeko aukera paregabea eskaintzen du.

Zein izango da Euskorporaren eginkizun nagusia 2026an euskal enpresen lehiakortasuna eta eraldaketa indartzeko?

Haiekin batera aukerak lantzea da helburua, baita eskaini dezakegun prestakuntzan lan egitea ere. Garrantzitsua da beste eskualde batzuetako eredu eta esperientzia arrakastatsuak ekartzea, inspirazio gisa balio dezaten, eta aldi berean, hemen bertan ditugun aurrerapenak ezagutarazteko tailerrak martxan jartzea.

Horrela, ezagutza partekatzea, gaitasunak indartzea eta berrikuntza sustatzea lortzen dugu, ekosistema osoa aktibatuta eta euskararen inguruko adimen artifizialaren garapena modu bateratuan bultzatuta.