• EKONOMIA
  • Leire San Josek jaso du Ekonomistak saria

Leire San Josek jaso du Ekonomistak saria

Abenduaren 4an emango diote saria EHUko katedradunari

Leire San Jose | Argazkia: Ekonomisten Euskal Elkargoa
Leire San Jose | Argazkia: Ekonomisten Euskal Elkargoa
2025eko azaroaren 24a - 10:26

Leire San Josek irabazi du 2025eko Ekonomistak saria, “finantza etikoen eta gizarte-balioaren esparruan egindako ikerketa eta dibulgazio-lan nabarmenagatik”.

 

San Jose EHUko finantzen arloko katedraduna eta ikertzailea da. Bere ibilbidean zehar erakutsi du erakundeek balioa sortzen dutela gizartean, baita balio hori estrategikoki kalkula eta kudea daitekeela ere. Gizarte-kontabilitate monetarioko eredu aitzindariak garatu izan ditu, Jose Luis Retolazarekin batera, eta erakundeetan modu praktikoan aplikatu izan ditu. Argitalpen asko egin ditu eta mundu mailako hainbat eta hainbat sari jaso ditu.

Gaur egun, ECRI (Ethics in Finance & Social Value) zuzentzen du, eta zenbait erakundetako kidea ere bada: EBEN Europe, Eben España, ISBEE eta GEAccountingeko Executive Boardekoa, besteak beste. Koordinatzaile lanetan aritzen da UNITA aliantzaren Etika batzordean, eta Laboral Kutxaren gobernantzan ere laguntzen du.

 

Ekonomisten Euskal Elkargoaren saria abenduaren 4an emango diote San Joseri, Bizkaia Aretoko Mitxelena Aretoan, ekonomistak PRO 2025 Foroaren baitan.