Ligaren zenbaki gorriak

Espainiako Ligak 892 milioi euro galdu ditu 2020-2021ko denboraldian, erdia baino gehiago Barçari egotzita. Euskal taldeen artean Athletic izan zen galera handiena izan zuena, 25,4 milioi euro

Argazkia: istock Argazkia: istock

Espainiako Ligak 2020/2021eko denboraldiko emaitza ekonomikoak aurkeztu ditu. Pandemiak baldintzatutako bigarren denboraldia izan da eta kalteak nabariak izan dira.

Bukatutako azken denboraldiko sarrera osoak 3.818 milioi eurokoak izan dira, aurrekoan baino % 24,1 txikiagoak. Covid19 aurreko datuekiko aldea are handiagoa da. 2018/2019 denboraldian Santander (lehen maila) eta SmartBank (bigarren maila) ligetako klubek 5.000 milioi euro baino gehiago bildu zituzten.

Jokalarien traspaso gutxiago egiteak eta pandemiak leihatiletan eragindako sarreren jaitsierak azaltzen dute diru sarreren beherakada. Pandemiari aurre egiteko murrizketek partida asko publiko barik jolastea ekarri zuten.

Ustiapen datuei begiratuta futbol txapelketak 154 milioi euroko ebitda ( interes, zerga, balio galera eta amortizazioen aurreko irabaziak) positiboa lortu zuen, aurrekoa baino % 84 baxuagoa. Galera garbiei dagokienez 892 milioi eurokoak izan ziren. 2019/2020ko denboraldian, ordea, 52 milioi euroko mozkinak izan ziren. Espainiako Ligak galerak  dituen lehen denboraldia da 2012/2013koaz geroztik.

Ligak aurkeztutako txostenak koronabirusak gizonezkoen goi mailako lehiaketetan eragindako kalteak agerian utzi ditu. Futbol taldeek azken bi denboraldietan 1.151 milioi euro gutxiago bildu dituzte. Galera handia bada ere, urrun dago 2021ean PwC etxeak aurreikusitako 2.014 milioiko zifratik. Galerek txapelketaren zorra orokorra % 18 haztea eragin dute. 1.946 milioi euroko zor garbia du Ligak, inoizko zorpetze mailarik altuena.

Txapelketaren emaitza orokorrek badute protagonista nagusi bat: Barça. Talde kataluniarrari dagozkio Ligaren galeren % 56

Kluben diru sarreren beherakada esanguratsuenak produktu ofizialen salmenten alorrean eman dira, % 37,8 murriztuz. Mugikortasunari ezarritako murrizketek eta futbol estadioak itxita egoteak nabarmen eragin diote negozio ildo honi eta baita instalazioen ustiapenari ere, % 52,7 jaitsiz. Partida eguneko eta jokalarien salmentengatik lortutako sarrerak ere erdia baino gehiago jaitsi dira.

Txapelketaren emaitza orokorrek badute protagonista nagusi bat: Barça.Talde kataluniarrari dagokio Ligaren galeren % 56. Kataluniako taldeak bere webgunean azaltzen duenez 2021/2021eko denboraldian 481 milioiko galera garbiak izan zituen. Bartzelonan urrun gelditu ziren aurreikusitako fakturaziotik. 828 milioi euroko sarrerak espero zituzten eta  azkenean 631 milioikoak izan ziren. Izan ere milioi bat euroko mozkina aurreikusten zuen Barçak.

Akordioa CVC funtsarekin

2021eko abenduaren 10ean Espainiako Ligak onartu zuen CVC Capital Partners inbertsio funtsarekin negozio hitzarmena sinatzea. Luxenburgon egoitza duen inbertsio funts britaniarrak goi mailako kirol txapelketetan inbertsioak burutzen ditu, hala nola, errugbia, boleibola, tenisa, Moto GP edo 1 Formula. Ligako lau taldek baino ez zioten ezezkoa eman akordioari : Athletic Club, F.C. Barcelona, Real Madrid eta Ibiza.

Sinatutako akordioaren ondorioz  CVC funtsak Espainiako Ligako klubei 1.994 milioi banatuko die hurrengo 50 urteetako telebista eskubideen % 9ren truke. Dirua partaidetzako mailegu baten bitartez jasoko dute klubek, hurrengo 40 urtetan itzultzekoa dena. Akordiotik kanpo gelditu ziren taldeek auzitegietara jo zuten helegitea jartzeko eta oraindik ez dago ebazpenik.

Klubei eman beharreko dirua lortzeko CVC funtsak aurreko ostiralean merkatuetara jo zuen 850 milioi euroko bonoen jaulkipen baten bidez. Gainerako zatia kapital sozialaren eragiketa baten bitartez lortuko du. Akordioa auzitegien ebazpenaren zain badago ere, Ligak eta CVCk hitzartutakoa burutzeko urratsak eman dituzte. LaLiga Group International holdinga sortu zuten 2022ko otsailaren 1ean. Bertan CVCk % 8,2ko pisua izango du. Funtsak akordioa berretsi zuten klubei dagoeneko 633 milioi euro eman die. Hitzarmenak klubek jasotako diruaren % 15 zorra murriztera esleitu behar zen , beste % 15 fitxaketak egiteko eta gainerako % 70 azpiegituretan inbertitzeko.

Erreala

Errealak 100 milioi euro jasoko ditu holding berriaren bidez. Jokin Aperribay presidenteak dirua azpiegiturak hobetzeko erabiliko dela adierazi zuen eta oinarrizko futbola eta emakumezkoena hobetzeko balioko duela. Formakuntzan eta eraldaketa digitalean ere inbertitzeko asmoa azaldu zuen presidenteak akziodunen batzarrean. 2020/2021eko denboraldian talde txuri-urdinak 4,6 milioi euroko galerak izan zituen. Taldeak 17 milioi euro gutxiago bildu zituen koronabirusagatik. 2021/2022rako Errealak 136,1 milioi euroko aurrekontua dauka Errealak eta 2,4 milioiko superabita izatea espero du.

Osasuna

Osasuna futbol taldeak 52 milioi euro bilduko ditu, horren erdia 2022ko uztaila baino lehenago. Diru horri esker bere egungo zorrari aurre egingo dio eta El Sadarreko lanak ordainduko ditu. 2015eko egoera ekonomikoak behartuta Osasunak Sadar futbol estadioa eta Taxoarreko instalazioak Foru Gobernuari eman zizkion ogasunarekin zuen zorra estaltzeko. Holding berritik jasotako dirua azpiegiturak berreskuratzeko erabiliko du.

Talde nafarrak 2020/2021eko denboraldian 1,3 milioi euroko mozkinak izan zituen. Luis Sabalza presidenteak emaitzen aurkezpenean adierazi zuen koronabirusak taldeari 14 milioiko galerak suposatu dizkiola. 2021/2022ko denboraldiari dagokionez 70 milioiko aurrekontua du Osasunak.

Athletic 

Athletic Club izan da CVC funtsarekin egindako akordioarekin kontra bozkatu zuen taldeetako bat eta, printzipioz, ez du dirurik jasoko. 

202/2021eko denboraldian talde bilbotarrak 25,4 milioi euro galdu zituen. San Mamesen itxiera eta zerga presioaren igoera argudiatu zuen talde zuri-gorriak emaitzak azaltzeko orduan. Aurreko denboraldian Athleticeko bazkideek ez zuten kuota osoa ordaindu eta denboraldi honetan bazkideek 85 euro gehiago ordaindu behar izan dute klubaren kontuak orekatzeko. Aurrekontuari dagokionez, hasierako proposamena atzera bota eta gero bazkideek onartu zuten aurrekontua 140,4 milioi euroko da, 4,4 milioiko galerekin. 

Alaves

Gasteizko taldeak 71,1 milioi euro jasoko ditu holding berritik. 2020/2021eko denboraldian Alavesek 2 milioi euroko galerak izan zituen, aurreikusitakoak baino 900 mila euro txikiagoak. Azken hamar urteetan lehen aldiz taldeak galerak izan ditu. Talde gasteiztarraren kalkuluen arabera pandemiaren eragina 5,5 milioi eurokoa izan da. 2021/2022ko denboraldirako 72 milioi euroko aurrekontua dute arabarrek eta 21.119 € irabaztea espero dute.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK