Logika ezkutua

Politika monetarioa hain eskala handian ematen da, non askotan abstraktuegia dela iruditzen zaigun. Baina diruaren sustraiak nahiko arruntak eta gizatiarrak dira

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Diruari esker salerosketak egiten ditugu moneta hori erabiltzen duen edonorekin; ez dugu trukearen beste alderdiarekiko ezagutza berezirik izan behar, ezta konfiantza berezirik bestearengan. Konfiantza monetarengan jartzen da.

Konfiantza harago joan daiteke. Mikronesiako Yap irlako biztanleek harrizko monetak erabiltzen zituzten. Moneta horiek tamainak hazbeteko diametroa zutenetatik 12 edo 13 oinetako diametroa zuten harritzarretaraino hedatzen zen. Moneta horiek diru bezala erabili izan ziren XX. mendearen hastapenetaraino. Harriek gurpil itxura hartzen zuten alde batetik bestera biraka eraman ahal izateko ondasunen eta zerbitzuen ordainketa bezala. Zenbat eta harri handiagoak izan, orduan eta nekezagoa zen lekuz aldatzea.

Diruak edozein forma izan dezake, baita itxurarik gabekoa ere. Horretan guztian ideia iraultzailea da moneta beharrik ez izatea!

Denborarekin komunitateko kideen artean harriaren jabetza hitzez adieraztea nahikoa bihurtu zen “moneta” tokiz aldatu barik. Harriaren kokapenak ez zuen harrezkero garrantzia gehiegirik: jabeen arteko akordioa zen gakoa. Harria irla batetik bestera garraiatzen ari zirela, txalupa hondoratu eta harekin batera harria itsas hondarrean urperatu zen. Ahoz ahoko jabetzaren esku aldatzeko usadioa mantendu egin zen, eta hondoratutako monetak diru bezala onartua izaten jarraitu zuen Yap irlako erkidegoak ezarritako arauekin.

Beraz, diruak edozein forma izan dezake, baita itxurarik gabekoa ere. Horretan guztian ideia iraultzailea da moneta beharrik ez izatea!

Eskaera eta eskaintzaren paradoxak

Moneta fiuziarioa ikuserraza egiteko Paul Krugmanek erabiltzen zuen istorio hau erabili dezakegu: 1950ko hamarkadan guraso batzuk elkarren artean ados jarri ziren ume zaintza zerbitzu bat martxan jartzeko. Batek besteen umeak zainduz Bat zor didazu bonu bat lortzen zuen, alegia, gerora bere seme alabak zainduak izateko eskubidea. Kontua da familia batzuek beste batzuek baino zaintza zerbitzu gehiago egingo zituztela, eta jarraipena errazagoa egiteko Ordubeteko zaintza bonu kupoia sortu zuten: umeak ordubetez zainduz gero, kupoi bat ordainsari gisa eskuratuko lukete eta, era berean, kupoi hori besteak ordaintzeko erabiliko zen. Hasieran guztiek 20 kupoi jasoko zituzten. Zer gertatu zen? Neguko egun euritsuetan gurasoak ez zirela irteten eta euren kupoiak ez erabiltzea erabakitzen zuten eguraldi hobea egingo zuen garairako. Norbaitek umeak zaindu nahi bazituen, ez zegoen inor prest bere kupoia erabiltzeko. Sisteman “diru” zirkulazio gutxi legoke: ekonomia geldiunea.

Administradoreek  [...] kupoi aske gehiago jartzea erabaki zuten ume zaintza sustatu eta lan hori egiten zutenak ordaintzeko. Horrek aurkako arazoa sortu zuen: zirkulazioan kupoi gehiegi zeudela

Administradoreek sistema mantentzeko betebeharra zuten, eta lanaren ordainetan kupoi batzuk jasotzen zituzten. Haiek kupoi aske gehiago jartzea erabaki zuten ume zaintza sustatu eta lan hori egiten zutenak ordaintzeko. Horrek aurkako arazoa sortu zuen: zirkulazioan kupoi gehiegi zeudela, eta ez zegoela inor kupoi gehiagoren beharrizanean ume zaintzaren truke: inflazioa agertzen da.

Bigarren mailako merkatua

Bigarren mailako merkatuaren sorrera azaltzeko, beste istorio bat. 1982an Masachussettseko Frank Tortoriellok bere jatetxea birmoldatzeko dirua behar zuen. Bere banketxeak kreditua ukatu zionez dirua lortzeko beste modu bat martxan jarri zuen: 10 dolarreko sandwich ticketak 8 dolarretan jarri zituen salgai. Jatetxe berria martxan jartzerakoan, bonu honek 10 dolarreko otorduengatik aldagarriak izango ziren. Bere bezeroak bankuak baino konfiantza gehiago eskainiko zioten.

Ticket horiek mundura jaulki zirenean, beste gauza interesgarria gertatu zen: jendeak momentu horretan ondasun eta zerbitzuak ordaintzeko erabiliko zituen etorkizuneko otordu bat aitortzen zuen bonuekin, “otordu” estandarretan. Horrek bigarren mailako merkatuen sorrera suposatzen du.

Jendartean zabaldua dago finantza arazoak ez direla aintzat hartzekoak finantza mundutik kanpo dabiltzanentzat. Baina kreditu merkatuak izoztu eta konfiantza hausten denean, negozioek ez dute dirurik

Jendartean zabaldua dago finantza arazoak ez direla aintzat hartzekoak finantza mundutik kanpo dabiltzanentzat. Baina kreditu merkatuak izoztu eta konfiantza hausten denean, negozioek ez dute dirurik euren langileei ordaintzeko, eta are gutxiago negozio berriak eta lanpostu berriak sortzeko.

Denok gaude konektatuta; negozioen porrotak normalak dira inbertitzen den heinean. Inbertitzearen puntu kritikoa da ekintzaileek euren kabuz hartu ezin duten arriskua hartzen laguntzea. Porrotak kontrol barik sisteman zabaltzen direnean gertatzen dira "krisiak".

CoCoak, pentsioak eta finantza iraunkorrak

Inbertitzea, puntu kritiko bezala, ekintzaileek euren kabuz hartu ezin duten arriskua hartzen laguntzea den heinean, azken asteetan denen ahotan egon diren bonu kontingente bihurgarriak (CoCo) mahai gainean jarriko ditut.

Haien ezaugarriengatik (epe luzera) aktibo egokiak dira finantza iraunkorrak aurrera eroan eta kapital fluxuak ESG inbertsio jasangarrietara bideratzeko. Bonu berdeak bezala ezagutzen dira. Bonu horien jaulkitzaileak diren banketxeak finantza jasangarrien konpromisoa eta inbertitzaile berriak lortzeko aukera uztartu dute bonu berdeekin.

Bonu kontingente bihurgarriak nahiz eta partikularren ikuspuntutik gaitzespena sortu, inbestitzaile profesional eta instituzionaletara bideratuta dauden heinean trantsizio jasangarriarentzat egokiak dira

Larry Fink Blackrockeko CEOak dioen bezala "aldaketa klimatikoa" da bere bezeroentzat lehentasuna. Blackrock gestorak kudeatzen dituen kapital gehiena erretiro pentsioetarako bideratua da, eta beraz epe luzera. Aldaketa klimatikoaren ondorioek pentsioetarako aurreztaile partikularren etorkizuneko asmoak zapuztu ditzakete.

Bonu kontingente bihurgarriak nahiz eta partikularren ikuspuntutik gaitzespena sortu, inbertitzaile profesional eta instituzionaletara bideratuta dauden heinean trantsizio jasangarriarentzat egokiak dira. Inbestitzaile instituzionalak kudeatzen duten kapital mordoa pentsioetara bideratuta izanda, CoCoak egokiak dira, trantsizio ekologikora bideratutako sektoreak suposatzen duen epe luzerako errentagarritasun polita eta bonuen jaurtitzaileari bitartean eman dakizkioken galerak xurgatzeko aukera ematen diotelako (errentagarritasun handiago baten truke).

Bonu kontingente bihurgarriak nahiz eta partikularren ikuspuntutik gaitzespena sortu, inbertitzaile profesional eta instituzionaletara bideratuta dauden heinean trantsizio jasangarriarentzat egokiak dira.

Gakoa partikularrak etorkizuneko pentsiorako aurreztu dezaten sustatzea da, aurrezpen hori proiektu berdeen finantzaketara bideratzeko. Baina, Espainiako erretiro pentsio sistemaren erreforma ez doa bide horretatik.

 
 

 

 

Informazio gehiago
Moneta lokalak eta Barter sistemak ekonomia jasangarriago eta lokalago baterako tresna gisa
Bankuak erreskatatzeko prozedura, auzitan
Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK