Loreen negozioan zurtoin

Santu Guztien Eguna izan ohi da loreen sektorean aritzen direnentzat egunik garrantzitsuenetarikoa. Kanpaina urrian hasten dute lore-denda eta hazitegiek. Produktuen gehiengoa atzerritik ekartzen da, herrialde inportatzaile nagusietatik

Murueta Lorategia, Santu Guztien eguneko aurreko egunetan, lorez beteta | Argazkia: Murueta Lorategia Murueta Lorategia, Santu Guztien eguneko aurreko egunetan, lorez beteta | Argazkia: Murueta Lorategia

Urtero lez, hilerrien gala eguna iritsi da: azaroaren 1a. Klabelinek, arrosek, ziklamenek, eta askotariko lore eta landareek kolorez beteko dituzte kanposantuak, hildakoak omentzeko. Amaren egunarekin batera, egutegian gorriz markatutako eguna da lore-denda eta hazitegientzat. Azaroaren 1az gain, aurreko egunak ere —urriaren 29tik 31ra gutxi gora behera— hartu ohi ditu. Ordurako dena prest egoteko, baina, lana dezente lehenago hasi ohi da. "Santu Guztien egunerako kanpaina, normalean, urriaren 12an hasten gara prestatzen", kontatu du Mila Ozamiz Zabalak, Murueta Lorategitik. "Aurtengo lehenbiziko enkargua iraila erdian hartu nuen. Baina hori da hagitz presa handiarekin. Normalean urrian hasten gara", egin du bat Maixabel Errandonea Alzugurenek, Beko lore- eta landare-dendatik.

Bai Murueta, bai Beko familia negozioak dira, eta landare hazitegiak dituzte. Lehenengoa, Bizkaiko izen bereko herrian dago kokatua, Urdaibaiko eskualdean; bigarrena, berriz, Lesakan, Bortzirietan, Nafarroan. Familia negozioak izanik, kanpainarako senitartekoen eta lagunen laguntza jaso ohi dute eskaera guztiei aurre egin ahal izateko. "Enkargupeko 2.000 eskaera, eta enkargurik gabeko beste 1.000 inguru jasotzen ditugu urriaren 30 eta 31rako, eta azaroaren 1erako", dio Ozamizek. "Ez dakit esaten guztira zenbat saltzen dugun, batez ere zailak baitira kalkulatzeko momentuko enkarguak. Baina une honetan —urriaren 28an egin zen elkarrizketa— 44 lagunek egin dizkigute enkarguak", azaldu du Errandoneak.

Batez beste, urteko salmenta guztiaren % 10 eta % 15 bitarte izan ohi da Santu Guztien kanpainatik lortzen dena

Batez beste, urteko salmenta guztiaren % 10 eta % 15 bitarte izan ohi da Santu Guztien kanpainatik lortzen dena. "Gure kasuan, kanpaina guzti-guztiak 65.000 euro inguruko diru-sarrerak ekartzen ditu", argitu du Ozamizek. Beraien kasuan, Muruetako hazitegian saltzeaz gain, egun hauetan Gernika, Bermeo eta Zornotzako merkatuetan ere aritu ohi dira saltzen. Errandoneak, berriz, ez du zifra bat eman, baina hazitegiko norbanakoen salmentaz harago, "lore-dendetara ere eskaerak eramaten ditugu". Bortziriak dira euren esparrua, "Igantzi, Etxalar, Arantza, Lesaka eta Bera".

Egun horretarako, geroz eta gehiago bilatzen dira urte guztiari eutsiko dioten landare eta loreak. "Landareontziak jartzen dira, eta asko irauten dute. Ziklamena, azalea, ezkila-lorea... Horiek batez ere, baita añarra ere", nabarmendu du Bekokoak. "Batzuk oso klasikoak dira, eta 20 urte daramatzate gauza bera eramaten. Beste batzuk gehiago arriskatzen dira. Moztutako lorean, klabelina izan ohi da gehien eskatzen dena, baita arrosak ere. Landareetan, berriz, urreliliak", gaineratu du Muruetakoak.

Inportazioa nagusi

Baina zein da enkargu horietarako guztietarako erabili ohi den loreen jatorria? "Sektore honetan, gure lurraldea inportaziotik bizi da batez ere, lore eta landare mota asko ezin baitira hemen hazi", adierazi du Ozamizek. Mundu mailan, esportazio guztiari dagokionez, Herbehereak, Colombia, Ecuador eta Kenya dira liderrak, hurrenez hurren. Lehenengoak 1,7 milioi tona lore inguru esportatzen ditu urtean, baina klabelinen erregina Colombia da, eta arrosena, berriz, Kenya. "Era berean, herrialde horiek mundu osoko herrialdeentzat erakusleiho dira, eta, eskariaren arabera, eskaintza mugatua izan daiteke", plazaratu du Muruetakoak.

Mila Ozamiz Zabala: "Sektore honetan, gure lurraldea inportaziotik bizi da batez ere, lore eta landare mota asko ezin baitira hemen hazi"

Horrek, gainera, badu beste erronka bat. "Loreak askotan enkantean erosten dira, beraz, azkeneko unera arte ez da jakiten zein izango den prezio zehatza, eta horrek Santu Guztiena bezalako kanpaina zaildu egiten du", esan du Ozamizek. Gauza bera gertatzen da kantitatearekin. "Oso produktu galkorrak dira, eta gaizki kalkulatuz gero, sekulako gastuak izan ditzakezu", gaineratu du.

Euskal Herriari dagokionez, ekoizpena txikia da, eta batez ere Nafarroako Erriberan topatu daiteke. "Loreen parte bat handik ekartzen dugu guk", azpimarratu du Errandoneak.

Negozio gorabeheratsua

Azaroaren 1az harago, loreen negozioa gorabeheratsua da urtean zehar —ez hala landareena, egonkorragoa—. Alegia, sasoiaren arabera, gehiago edo gutxiago saldu ohi da, eta udaberria da garairik oparoena: "martxotik hasita, eta ekaina bukatu arte hagitz ongi saltzen da. Sasoirik hoberena izaten da", azaldu du Errandoneak. Landare eta lore mota gehien izaten dira orduan, eta horrek ere lagundu egiten du.

Sasio horretaz gain, ezkontzak eta jaunartzeak, baita bestelako ekitaldiak ere, negozio iturri izaten dira, azken urteetan gutxitzen joan badira ere. "Hala ere, lehen ez zen hainbeste jenero erosten. Alegia, orain ekitaldi gutxiago badaude ere, eskaerak landuagoak dira", dio Ozamizek. Negozioaren parterik egonkorrena, berriz, ehortzetxeetakoa izaten da.

Loreen negozioa gorabeheratsua da urtean zehar —ez hala landareena, egonkorragoa—. Alegia, sasoiaren arabera, gehiago edo gutxiago saldu ohi da, eta udaberria da garairik oparoena

Pandemiarekin negozioak gora egin zuen izan zuen. Ezkontzak eta bestelako ekitaldiek behera egin bazuten ere, eta horrek galerak ekarri, etxean denbora gehiago igarota, jendeak apaingarri gisa nahi baitzituen lore eta landareak. Espainiako Lore-Saltzaileen elkartearen arabera, 2020an %40 eta %50 bitarteko galerak izan zituen, baina 2021an 2019an baino zifra hobeak lortu, salmentak % 70 egin baitzuten gora. "Jendea ez zen ateratzen, orduan nahi zuen landarea beraien etxean. Baina berriro ere bueltatu gara lehenagoko martxara", nabarmendu du Errandoneak.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK