• EKONOMIA
  • Luis de Guindosek dio Europako defentsa gastua handitzea "lehentasun existentzial" bat dela

Luis de Guindosek dio Europako defentsa gastua handitzea "lehentasun existentzial" bat dela

BBK Fundazioak antolatutako topaketan izan da EBZko lehendakariordea. Euroguneko ekonomia duela hilabete batzuk espero zutena baino "hobeto" jokatzen ari dela esan du

Luis de Guindos, gaur, Bilbon | Argazkia: H. Bilbao / Europa Press
Luis de Guindos, gaur, Bilbon | Argazkia: H. Bilbao / Europa Press
2025eko azaroaren 21a - 15:49

Luis de Guindos EBZko lehendakariordea Euskal Herrian izan da gaur. Zehazki, BBK Fundazioak antolatutako Foro Gran Via izeneko topaketan parte hartu du, eta bertan adierazi du Europak defentsa gastua handitzea “lehentasun existentzial” bat dela.

 

Foroaren lehen edizioa izan da aurtengoa, eta besteak beste, bertan izan dira Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohia, Juan Ignacio Perez Iglesias Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburua eta Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia; baita Anton Arriola eta Jose Antonio Jainaga  Kutxabank eta Sidenorreko buruak, besteak beste.

De Guindosek adierazi du euroguneko ekonomia duela hilabete batzuk espero zutena baino "hobeto" jokatzen ari dela, eta ziurtatu du interes-tasen egungo maila "egokia" dela inflazio-aurreikuspenak kontuan hartuta.

 

Gogorarazi duenez, "ziurgabetasun handiko" une bat zegoen Europan, baina muga-zergen gaineko akordioa itxi dute AEBekin, eta horrek "gerra komertziala ez areagotzea” eragin du. Nolanahi ere, Europako produktuentzako muga-zergak "altuak" izango direla ziurtatu du, eta horrek Europako esportazioari eragingo diola. Hala, kritiko azaldu da, nabarmenduz muga-zergak %3tik %15era igo direla.

Hein horretan, uste du garrantzitsua dela Txinarekin akordioa zertan geratuko den ikustea, Asiako herrialdeak “izugarrizko lehiakortasuna” bereganatu baitu. Era berean, aitortu du Europaren kezka nagusietako bat “Errusiaren eraso mehatxua” dela.

Europako Banku Zentraleko presidenteordearen esanetan, etorkizun hurbileko erronka handienetako bat Europako industriaren lehiakortasuna handitzea da, eta, aldi berean, "Txinako merkatuan distortsio elementuren bat ote dagoen ikustea, lehiakortasunaren irabaziaz haratago", Europako produktuetan "desabantaila konparatiboa" izatera eraman lezakeelako.

Bestalde, aipatu du Europako ekonomiaren hazkunde-faktore nagusia kontsumoa izan behar dela, baina "oso moderatua" izaten ari dela azkenaldian, eta ez dela "behar bezala tenkatzen ari", nahiz eta lan-merkatuaren bilakaera "positiboa" izan eta soldatek erosteko ahalmena berreskuratu duten.

Hurrengoan topaketan Carlos Torres

Gran Vía Foroaren bigarren topaketa azaroaren 28an izango da, datorren ostiralean, hain zuzen. Bilboko BBK Aretoan, 9:30etatik aurrera, Carlos Torres Vila BBVAko presidenteak izango da bertan.