Lurra zaintzearen balio publikoa

Baserritarren, abeltzainen eta baso-jabeen lana elikagaien ekoizpenarekin lotzen bada ere, askoz harago doa: inguruko klima eta biodibertsitatea zaintzen dute. Lan horiek, ordea, ez dira prezioetan islatzen

Argazkia: iStock
Argazkia: iStock
jon mikel zabala iturriagagoitia
Deusto Business Schooleko (Donostia) irakasle eta ikerlaria, Irakasle Titularra
2026ko irailaren 24a - 05:30

Azken urteotan gero eta gehiago hitz egiten dugu politika publikoak misioen inguruan antolatzeari buruz. Ideia sinplea da, baina ondorio sakonak ditu. Administrazioek ez dituzte soilik dirulaguntza edo programa solteak martxan jarri behar, baizik eta gizarte-erronka partekatu bati erantzuteko norabide argi bat eraiki. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz estrategiaren barruan, elikadura jasangarriaren misioak bide hori ireki zuen.

 

Misio horrek 2040rako honako helburua proposatzen du: Gipuzkoak elikadura-sistema jasangarria, osasungarria, irisgarria eta lehiakorra izatea, tokiko ekoizpenaren potentziala indartuz eta kontsumo arduratsua sustatuz. Elikadura jasangarriaren misioak, ordea, ez du elikaduraz bakarrik hitz egiten. Lurraldeaz, lehen sektoreaz, kulturaz, ekonomiaren antolaketaz eta gizartearen erantzukizunaz ere hitz egiten du.

Gipuzkoako landa eremua askotan elikagaien ekoizpenarekin lotzen dugu. Esnea, haragia, barazkiak, fruta, basoa edo egurra etortzen zaizkigu burura. Baina baserritarrek, abeltzainek eta baso-jabeek egiten duten lanaren zati handi bat ez da merkatuan saltzen, eta, hala ere, gizarte osoak jasotzen du haren onura. Haien lanak paisaia mantentzen du, lurzorua zaintzen du, uraren zikloan eragiten du, biodibertsitateari eusten dio eta landa-eremua bizirik mantentzen laguntzen du.

 

Horixe da zerbitzu ekosistemikoen ideiaren atzean dagoena, ekosistema naturalek eta kudeatutako lurraldeek giza ongizateari egiten dioten ekarpena, alegia. Elikagaiak edo lehengaiak hornitzea da ekarpen horietako bat, baina ez bakarra. Lurzoruaren emankortasuna mantentzea, higadura murriztea, ura erregulatzea, karbonoa bahitzea, polinizazioa ahalbidetzea, biodibertsitatea babestea, paisaia zaintzea edo aisialdirako eta osasunerako espazioak eskaintzea ere zerbitzu ekosistemikoak dira.

Baserritarrek, abeltzainek eta baso-jabeek egiten duten lanaren zati handi bat ez da merkatuan saltzen, eta, hala ere, gizarte osoak jasotzen du haren onura

Hauek kudeatzearen arazoetako bat ondasun publikoak direlako gertatzen da. Ezer ez egin arren, denok baliatzen ditugu zerbitzu hauek, baina horiek mantentzearen kostua, ordea, lurraren kudeatzaileak hartzen du bere gain. Hor sortzen da merkatu-akatsa. Jarduera batek gizartearentzat onurak sortzen dituenean baina onura horiek prezioetan islatzen ez direnean, merkatuetako prezioek ez dute seinale egokia ematen. Ondorioz, gerta liteke gizartearentzat baliotsua den jarduera bat ekonomikoki ahula izatea. Jarduera hori desagertzen bada, ordea, ez lirateke soilik ekoizpen zuzenak galduko, baizik eta baita lurraldearen kudeaketari lotutako balio ezkutuak ere.

Gipuzkoako Foru Aldundiak 2026. urtean zerbitzu ekosistemikoen deialdi bat aurkeztu zuen, merkatu-akats horretan kokatzen dena. Deialdiak ez du ustiategi bakoitzak sortzen dituen zerbitzu guztiak eurotan neurtu nahi. Lehen urrats bat eskaintzen du, lurrari lotutako funtzio ekosistemiko eraginkorra eta egiaztagarria duten ustiategiei aitortza ekonomiko bat egiteko.

Garrantzitsua da ondo ulertzea deialdiak eskaintzen duen laguntzaren esanahia. Zenbatekoa oso apala da (550 euro), eta berez ez dute inola ere konpentsatzen lurra zaintzeak gizartearentzat duen balio erreala. Programaren helburu nagusia honek duen mezu publikoan datza, alegia, administrazioak aitortu nahi duela lehen sektoreak eta lurraldearen kudeaketak funtzio sozial eta ekologiko bat betetzen dutela, eta funtzio hori ezin daitekeela ikusezina izan.

Horrek ez du esan nahi jarduera guztiek automatikoki zerbitzu ekosistemiko positiboak sortzen dituztenik. Horregatik, programak hautagarritasun-irizpideak ezartzen ditu, eta horregatik izango da garrantzitsua hurrengo urteetan tresna ebaluatzea eta hobetzea. Zenbait kasutan, kudeaketa planifikatua aitortzea lehen urrats bat izan daiteke. Etorkizunean, agian pizgarri osagarriak bereizi ahal izango lirateke, biodibertsitatea hobetzen duten praktikengatik, ibaiertzak babesteagatik, espezieen nahasketa sustatzeagatik, lurzoruaren karbonoa handitzeagatik edo sute-arriskua murrizteagatik egiten diren ekintzengatik.

Zerbitzu ekosistemikoen programak ez ditu lehen sektoreak dituen arazo eta galdera guztiak konpontzen, baina horiek publiko bihurtzen ditu

Beste eztabaida bat ere badago: emaitzak ordaindu behar dira ala praktikak? Teorian, emaitzengatik ordaintzea erakargarria da. Baina praktikan, dena neurtzea oso garestia izan daiteke. Monitorizazioa, reportinga eta egiaztapena behar dira, eta horrek kostu handia dakar. Dirulaguntza txikia bada, neurketaren kostuak laguntza bera jan dezake. Horregatik, lehen belaunaldiko programek sarritan irizpide egiaztagarriak erabiltzen dituzte, eta gero pixkanaka errendimenduan oinarritutako primak gehitzen dituzte.

Gipuzkoako programak bide hori gara dezake. 2026an egiturazko aitortza bat jarri da martxan. Ondoren, erabilitako adierazleak ebaluatu daitezke, neurketa arineko pilotuak probatu eta errendimenduagatiko pizgarri gehigarriak garatu. Horrelako bilakaera batek bi helburu uztartuko lituzke: administrazioaren bideragarritasuna eta ingurumen-zehaztasun handiagoa.

Zerbitzu ekosistemikoen programak ez ditu lehen sektoreak dituen arazo eta galdera guztiak konpontzen, baina horiek publiko bihurtzen ditu. Gizarte bat bere lurraldeak ematen dion balioa aitortzen hasten denean, politika publikoak beste modu batera diseinatzeko aukera irekitzen da.

Irakurleak gai honetan interesa balu, aukera izango du eztabaida hau sakonago lantzeko Gure Lurra 9 jardunaldian. Azaroaren 26an izango da, Donostiako Kursaalen, eta bertan, gure lurraldearen etorkizunari lotutako beste hainbat galdera ere jorratuko dira. Bertan ikusiko dugu elkar!

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain