• EKONOMIA
  • Luz Usamentiaga izendatu dute Euskalteleko presidente

Luz Usamentiaga izendatu dute Euskalteleko presidente

Jon Ander de las Fuentesen lekukoa hartuko du Usamentiagak. 25 urte baino gehiagoko esperientzia du telekomunikazioen sektorean

Luz Usamentiaga | Argazkia: Euskaltel
Luz Usamentiaga | Argazkia: Euskaltel
2026eko apirilaren 14a - 15:38
Eg. 2026eko apirilaren 14a - 16:49

Euskaltelek Administrazio Kontseilua berritu du, eta Luz Usamentiaga izendatu du presidente, Jon Ander de las Fuentesen ordez. Bilbon jaioa da Usamentiaga, eta Zuzenbide Ekonomikoan lizentziatu zen Deustuko Unibertsitatean.

 

Presidente berriak 25 urte baino gehiagoko esperientzia du telekomunikazioen sektorean, eta sektore horren liberalizazioaren sustatzaile izan zen bere ibilbide profesionalaren hasieran, Euskaltel jaio zenean. Digitales patronalaren sortzaileetako bat ere izan zen, eta haren idazkari nagusia izan da 2018az geroztik.

MasOrangen Erregulazioko, Gai Publikoetako eta Jasangarritasuneko zuzendaritza nagusia eta Euskaltel Fundazioaren Patronatuaren presidentetza ere Usamentiagaren esku geratuko dira aurrerantzean.

 

Era berean, Euskaltelen Administrazio Kontseiluak eskerrak eman dizkio Jon Ander de las Fuentesi presidente izan den garaian konpainiaren buru gisa egindako “ahalegin eta lan guztiagatik”.

De las Fuentes gidaritzapean Euskaltel lehendabizi MasMovil Taldean eta, ondoren, MasOrangen integratu da.

Administrazio kontseilu berria

Usamentiagarekin batera, honako hauek osatuko dute Euskaltelen Administrazio Kontseilu berria: Meinrad Spenger, kontseilari delegatu gisa,Jasone Altuna, Cristina Sustacha eta Julio Gomez.

“Ohore bat da Euskaltelen buru izatea, sektorean erreferente izan den eta den konpainia bat izanik. Euskaltelek funtsezko zeregina izan du Euskadin azken belaunaldiko konektagarritasuna hedatzeko eta herritarrak, enpresak eta administrazio publikoak digitalizatzeko”, adierazi du Usamentiagak.