• EKONOMIA
  • Maiatzean %28,4 enpresa gehiago sortu dira Hego Euskal Herrian

Maiatzean %28,4 enpresa gehiago sortu dira Hego Euskal Herrian

366 negozio ireki dira EAEn eta 82 Nafarroan

Aldi berean, iaz baino enpresa gehiagok itxi dituzte ateak | Argazkia: iStock
Aldi berean, iaz baino enpresa gehiagok itxi dituzte ateak | Argazkia: iStock
2025eko uztailaren 9a - 10:31

INE Estatistika erakundeak jakinarazi duenez, 2025eko maiatzean 448 enpresa sortu dira Hego Euskal Herrian, hau da, aurreko urteko hilabete berean baino %28,4 gehiago. Sortu berri diren enpresetatik 366 EAEn ezarri dira, eta gainerako 82 konpainiak, aldiz, Nafarroan. Hala, %29,3 igo da urtebetean EAEn ireki diren negozioen kopurua; Nafarroan igoera %24,24koa izan da.

 

Bestalde, azpimarragarria da maiatzean sortu diren enpresa guztiak, bai EAEkoak, bai Nafarroakoak, sozietate mugatuak direla, ez baita sozietate anonimorik ez bestelakorik identifikatu.

Ateak ireki dituzten enpresen kopuruak gora egin izanagatik, hazi egin da itxi duten negozioen kopurua ere. Izan ere, Hego Euskal Herrian 109 konpainiek jaitsi dute pertsiana, horietatik 105 EAEkoak eta 4 Nafarroakoak izanik. Hala, aurreko urteko maiatzaren aldean bikoiztu egin da Nafarroan desagertu diren enpresen kopurua, eta EAEko zifra ere %28 handitu da.

 

EAEko enpresen gehiengoak, 84 konpainiek, borondatez itxi dute negozioa; bost izan dira beste enpresa batekin elkartu direnak, eta beste hamaseik bestelako arrazoiengatik erabaki dute enpresa ixtea. Nafarroan, batek itxi du borondatez, batek fusionatu egin delako, eta bik, aldiz, bestelako arrazoiengatik.