Maiatzaren Lehena ate joka

Erosteko ahalmenaren galera eta prekarietatea dira sindikatuetako mezuen ardatz nagusiak

Argazkia: ELA
Argazkia: ELA
2022ko apirilaren 29a - 00:52
Eg. 2022ko apirilaren 29a - 11:02

Igande honetako Maiatzaren Lehenean sindikatuek aldarrikapenez beteko dituzte Euskal Herriko kaleak. Langileen erosteko ahalmenaren galera eta prekarietatea  izan dituzte ardatz sindikatuek mezu nagusietan. Soldatak igotzeko deia, eta transizio energetikoaren aldeko aldarria ere egin dute.

 

ELA

ELA sindikatuko idazkari nagusia Mitxel Lakuntzak inflazioarekiko kezka azaldu du. Langileek erosteko ahalmen gehiago ez galtzea izango da sindikatuaren zeregin nagusia. Horretarako greben beharra nabarmendu du. Egungo krisi energetikoren oinarrian eredu ekonomiko bera dagoela dio Lakuntzak: "Eredua da arazoa, eta konponbidea ere bai". Energiaren prezio altuen arazoa konpontzeko muga bat jartzea proposatu du, argindarra eta erregaia "herritarren eskubide" bezala hartu behar direlako. ELAko idazkari nagusiak ukatu egin du Ukraina izatea inflazio handiaren jatorri bakarra, "gerra hasi aurretik ere" energia oso garesti zegoelako.

ELAk salatu duenez, Hego Euskal Herrian 541.600 langile baino gehiago daude egoera prekarioan, emakumeak batez ere. Leire Txakartegi antolakuntza arduradunaren hitzetan, "enplegu prekario horiekin amaitzea da sindikatuaren zeregin nagusia, eta errealitateak erakusten digu borroka sindikala dela biderik eraginkorrena".

 

ELA sindikatuak beste behin erreforma fiskal baten beharra azpimarratu du aberastasunaren banaketa lortze aldera. Enpresen gaineko irabaziak gutxieneko % 25eko tasa batekin zergatzea proposatzen du, Europan adosten saiatzen ari den % 15ekoaren gainetik. 

ELAk langileak manifestaziora deitu ditu Hego Euskal Herriko hiriburu guztietan Borrokan ari gara, prekarietatea buka dezagun lelopean. Manitestazioak 11:30ean izango dira, Gasteizen salbu, bertan 12:00etan izango baita.

LAB

Zaintza lanak, enplegua eta aberastasuna banatzea aldarrikatuko du LABek Maiatzaren Lehenean. Krisi ekonomikoari aurre egiteko "egiturazko neurriak" hartzea premiazkotzat jotzen du eta soldatak KPIren arabera igotzeko beharra nabarmendu du, "langileen pobretzea ekiditeko".  

Garbiñe Aranburuk, LABeko idazkari nagusiak eredu ekonomikoa aldatzeko beharra aldarrikatu du. "Laneko errentak kapitalaren errentetara pasatzen ari dira, eta, hala, prekarizazioa bizitzaren esparru guztietara hedatzen ari da, bizitza etengabe garestitzen, eta ondorioz, langileak pobretzen", ohartarazi du. Salatu du egungo krisia ez dela pandemiaren edo gerraren ondorioa soilik, "kapitalismoak eta azken hamarkadetan ezarritako politika neoliberalena" baizik. LABeko idazkari nagusiak gaineratu du "egoera jasanezina bihurtzen ari dela ikuspegi sozialetik zein ekologikotik. Kapitalaren eta bizitzaren arteko talka bizi dugu, zuzen-zuzenean. Langileok urteak daramatzagu krisian; hori ez da berria."

LAB sindikatuak manifestazioak deitu ditu Altxa! Egin dezagun posible. Zaintza lanak, enplegua eta aberastasuna banatzearen alde lelopean. Hego Euskal Herriko hiribuetan eta beste zenbait herritan izango dira manifestaldiak, goizean. Ipar Euskal Herrian LABek bat egin du beste zenbait eragilerekin manifestazioak deitzeko orduan. 

CCOO eta UGT

Loli García CCOOko Euskadiko idazkari nagusiak soldatak igotzea defendatu du. Errenten balizko akordio baten inguruan patronalari esan dio ez duela langileei KPIa bermatzen ez dien soldata berritzeko klausularik onartuko.

Sindikatuak prezioen gorakadaren inguruzko kezka adierazi du, eta aldarrikatu du "argiaren prezioei eusten lagunduko duten neurriak hartzea" eta "kolektibo ahulenak eta pertsonak babestea". CCOO sindikatuak eredu energetikoaren aldaketa bizkortzea, eta energia berriztagarriak sustatzea premiazkotzat jo du, eta argindarraren prezioa ezartzeko sistema kritikatu. Bidezko zerga erreforma aldarrikatu du CCOOk eta fiskalitatearen inguruko eztabaida zabala eskatu du, zerga iruzurrari aurre egiteko neurriak planteatuz. 

UGTk Maiatzaren Lehenerako "munduko orden berri eta bidezkoago bat aldarrikatu nahi du gizakiak eta haien ongizatea gutxi batzuen interes ekonomikoen aurrean jarriko duena". Sindikatuaren aburuz, ezinbestekoa da langileak txirotzen duen prezioen gorakadari aurre egiteko neurri eraginkorrak hartzea. Era berean, sindikatuak uste du premiazkoa dela familien erosteko ahalmena bermatzea, baliabide gutxiago dutenena batez ere. Horretarako, gutxieneko soldata eta bizitzaren kostuaren gehikuntzari lotutako pentsioak igotzea garrantzitsutzat jo du.

CCOO eta UGTk manifestazioak batera deitu dituzte La solución: prezioak mugatu, soldatak igo, berdintasun gehiago leloarekin Gasteizen (11:00etan), Bilbon (11:30ean) eta Donostian (12:00ean). Nafarroan, manifestazioa Iruñean izango da, eguerdian.

ESK

ESK sindikatuak Maiatzaren Lehenerako deialdian salatu du "gobernuak, kapitalaren ordezkari, larrialdi galgari eragin beharrean, krisia sakontzen duten neurriak hartzen ari direla", "bizitzaren prekaritatea eta herritar gehienen pobrezia areagotuz". Politikariek proposatu duten errenta itunaren ordez, sindikatuak zerga-erreforma eta merkatuetan esku hartzea aldarrikatu du. Zabaldutako komunikatuan aberastasuna birbanatzea eta bidezko ekoizpen-trantsizioaren aldeko aldarria egin du, eta pobreziak emakume itxura duela salatu du.

ESK sindikatuak manifestazioak deitu ditu Hego Euskal Herriko hiriburuetan Kapitalak gehiago nahi du leloarekin.

IPAR EUSKAL HERRIA

Ipar Euskal Herriko hainbat sindikatu eta eragilek Maiatzaren Lehenerako mobilizazio bateratuak antolatu dituzte Mundu justu, jasangarri, solidario eta baketsu baten alde: gu gara alternatiba! lemapean.

Deitzaileen iritziz, "inoiz baino beharrezkoagoa da indarrak batzea eta bizia eta lurra suntsitzen dituen sistema kapitalistaren aurrean alternatiba sinesgarri eta iraunkorra eraikitzea", eta horretarako bi manifestazio ditu dituzte, biak ala biak 11:00etan abiatuko direnak, Baionan (Lan Burtsan) eta Maulen (Gurutze Xuritik).

Mobilizazioen deitzaileak LAB,CGT, BIZI!, FSU, ALDA, EBA, CFDT eta ETORKINEKIN -Solidarite migrants- sindikatu eta eragileak dira.