
Makina-erremintaren sektoreak gorabehera asko izan ditu azken urteotan. Eskariaren jaitsierak eta ekoizpen arazoek ziurgabetasuna ekarri baitute. Aitzitik, AFM makina-erremintako klusterrak sektoreak hazkundeari eutsiko zuela iragarri zuen, eta gaur jakinarazi dutenez, urteko fakturazioa iazkoa baino %5 handiago izatea aurreikusten dute.
Klusterraren arabera, sektoreko enpresek okupazio mailari eutsi diote, eta eskari zorro nahikoa dute hurrengo urteko jarduera bermatzeko. Halere, nazioarteko merkatuen bilakaera (Alemania, Txina eta Estatu Batuak) ikusteke dagoela esan dute, euskal enpresentzat oso garrantzitsuak baitira.
AFM klusterrak prentsaurrekoa egin du gaur Donostian, eta urriaren 25etik 27ra egingo den Fabrikazio Aurreratuaren eta Makina-Erreminten kongresua aurkeztu dute. Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean egingo da 23. edizioa (1976tik bi urtero egiten da), eta 450 pertsona biltzea espero dute antolatzaileek.
Gaurko agerraldian Ane Insausti Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatua eta Xabier Ortueta AFM klusterreko zuzendari izan dira. Ortuetaren hitzetan, “hizlarien mailagatik eta edukiengatik, inoiz antolatu dugun kongresurik onenaren aurrean gaude, zalantzarik gabe”. Era berean, kongresuan sektorearen erronkak, bere garapenean eragingo duten teknologiak eta etorkizuneko faktoreak izango dituzte hizpide, zuzendariaren arabera. “Etorkizuneko fabrika, teknologia berriak, automatizazioa eta robotika, digitalizazioaren demokratizazioa, jasangarritasuna edo talentu gaztearen erakarpena bezalako gaiek 400 pertsona baino gehiago bilduko dituzte Donostian”, adierazi du.