Makina-erremintaren sektoreak 2026a “urte zaila” izango dela uste du, pasa den 2025a bezalaxe. AFM klusterrak jakinarazi duenez, iaz %5 murriztu zen sektoreko enpresen fakturazioa (2.207,62 milioi euro), eta eskaerak %2,3 hazi badira ere, sektorearen eskari zorroa oso ahula da gaur-gaurkoz. 2026ra begira, helburua da jarduerari eutsi eta egonkor mantentzea.
Deformazioaren azpisektorean erreparatu du klusterrak beherakada handiena, %21 baino gehiago murriztu baita bertako fakturazioa. Esportazioak ere %5,1 txikitu dira, 285,9 milioi eurora arte.
Harroketaren azpisektoreak, aldiz, bilakaera hobea izan du 2025an. Fakturazioa %4,4 hazi da eta enpresen esportazioak %2,1 igo dira, 864,4 milioi euroraino.
Makina-erremintaren merkatu nagusienak AEB, Alemania, Mexiko, Italia, Txina, Frantzia, India eta Kanada izan dira. Estatuak Batuak dira lehen merkatua (%13,5), Alemania bigarrena (%13,2) eta Mexiko hirugarrena (%9,8). Trumpen ezarritako muga-zergek ez dute inpaktu handirik izan makina-erremintaren sektoreean. Alemaniako merkatuan, halaber, beherakada espero zuen klusterrak, baina egonkor mantentzea lortu du sektoreak.
Jose Perez Berdud AFM Clusterreko presidenteak adierazi du 2025a “kalifikatzeko urte zaila” izan dela, epe berean “kasik kontrajarriak direna egoerak bizi” dituelako sektoreak. "Merkatu geografikoak nahasita daude, eta Europa oraindik nahiko ahula da, apur bat suspertu bada ere; AEBek eskari handia du, baina zailtasunak ditu muga-zergak direla-eta. Txina, aldiz, atzerriko ekipoen erosketa asko mugatzen ari da".
Presidentearen hitzetan, makina-erremintaren azpisektoreak "desberdin jokatzen” ari dira. “Automobilgintza inbertsioak murrizten ari da eta deformazioari kalte egin dio”. Aeronautika, defentsa, trenbide eta energiaren sektorea, berriz, egoera onean direla azaldu du.
Txina, “aurkari gogorra”
AFM Clusterreko zuzendari nagusi Xabier Ortuetak ziurtatu duenez, Txina sektoreko makinen inportazioa mugatzen ari da, herrialdeko erosketa bultzatu nahian. Gauzak horrela, Txinako makina-erremintaren osagai teknologikoa asko aurreratu dela aitortu du Ortuetak. "Nazioarteko merkatuetan oso prezio baxuko produktuekin sartu da (batzuetan europarren kostuaren azpitik ere bai), eta Europako osagaiak balio-kateetan gutxi sartu direnez, aurkari gogorra dugu", ohartarazi du.
Asiako herrialdeko merkatuari aurre egiteko “esfortzu publikoa eta pribatua” beharrezkoa dela ohartarazi du klusterreko zuzendari nagusiak. "Ezinbestekoa da gure industriaren lehiakortasuna handitzeko erraztasunak ematea, eta eraldaketa, berrikuntza eta produkzio-ekipoen inbertsioa bultzatuko duten baliabide ugari eskura jartzea. Une honetan, aukerak arriskuak adina dira, eta lehenengoak aprobetxatu behar ditugu, behar den guztia babestuz", esan du.