Makina-erremintaren Biurtekoa "aparteko azoka" izatea espero dute antolatzaileek

Erakustazoka datorren astelehenean hasi eta ekainaren 17an bukatuko da. Gaur aurkeztu dute BECen

Gaur goizean egin dute aurkezpena, BECen | Argazkia: Niko Cuenca Gaur goizean egin dute aurkezpena, BECen | Argazkia: Niko Cuenca

Lau urteko etenaldiaren ostean, egun gutxi barru ateak zabalduko ditu BIEMH makina-erremintaren biurtekoak, More than ever —inoiz baino gehiago— lelopean. Prestaketen azken txanpan murgilduta, gaur goizean aurkeztu dute industria topaketa garrantzitsuaren 31. edizioa, BECen. Aurkezpenean izan dira Xabier Basañez BECeko zuzendari nagusia, José Pérez AFM Clusterreko presidentea, Xabier Ortueta AFM Clusterreko zuzendari nagusia, José Ignacio Ortiz de Urbina AIMHEko presidentea eta Thais Basañez Biurtekoaren arduraduna.

Aurtengo edizioan 1.446 enpresek izango dute erakustokia, 28 herrialdetatik etorritakoak, besteak beste Alemania, Txina eta Hego Koreatik. 3.400 bat makina, produktu, zerbitzu eta bestelako berrikuntzak aurkeztuko dituzte. Fabrikatzaile, inportatzaile, hornitzaile eta bestelako eragileak izango dira bertan, negozio aukera berriak aztertu eta orain arteko bezeroekin berriro ere elkartzeko asmoz. Thais Basañez Biurtekoaren arduradunaren hitzetan, "100 herrialde baino gehiagotan" egin dituzte kanpainak "bisitariak eta erosleak" erakartzeko. 

Sektoreka, harroketako makineria enpresak eta osagai eta osagarrien arloko enpresak izango dira nagusi, enpresa kopuru guztiaren % 22 eta % 20, hurrenez hurren. Beste sektore nagusiak izango dira automatizazioa eta robotika (% 14), deformazioko makineria (% 13), tresnak (%12) eta metrologia eta CAD-CAM (% 9). 

Azoka nagusiarekin batera, manufaktura aurreratuari buruzkoa, beste lau egingo dira: Addit3D Fabrikazio Aditiboko eta 3Dko Nazioarteko Azoka, BeDIGITAL Industriari aplikatutako Eraldaketa Digitalaren Azoka, IMIC Industrial Maintenance Innovation Conference eta WORKinn-Talent Hub. Guzti-guztietan, erakustokiak ez ezik, hitzaldiak ere izango direla gogorarazi du Basañezek. 230 bat hizlarik hartuko dute parte denera. Bestalde, aurten lehen aldiz burutuko dituzte Women in Industry topaketak, Basañezek kontatu duenez. Jardunaldi horretan berdintasuna bultzatzeko beharrari buruzko gogoetak partekatuko dituzte besteak beste.

Xabier Ortueta AFM klusterreko zuzendari nagusiak adierazi du "aparteko azoka" izatea aurreikusi dutela. "Aurreikuspenak onak dira eta 2018ko edizioko zifren pare egotea" espero dute, zertxobait azpitik. 2018koa hamarkadako azokarik onena izan zen, Ortuetaren hitzetan. 

Sektorea berreskuratzen

Aurkezpenean sektoreak lortutako datuak balioan jarri ditu klusterreko zuzendari nagusiak, pandemia aurreko datuetara itzultzea lortu ez badute ere. "2021ean Makina Erramintaren alorraren fakturazioa % 18,66 hazi zen eta esportazioak % 23,41. Urte bukaeran zailtasunak izan baziren ere, 2021 oso urte interesgarria izan zen eta eskaerak % 30 handitu ziren", azaldu du Ortuetak.

2022 "urte interesgarria" dela uste du zuzendariak, "lan karga interesgarria" dutelako, eta " % 7 eta % 10 bitarteko hazkundea" lortu nahi dute. Dena den, testuinguruari lotutako zailtasunak nabarmendu ditu Ortuetak, bai iaztik datozenak —energia, osagaien eskasia, inflazioa—, bai aurtengoak —gerra eta Txinak hartutako neurriak koronabirusari aurre egiteko.

José Perez AFMko presidente izendatu berriak sektorearen pisua nabarmendu nahi izan du. "Espainia Europako makina-erreminta sektorean hirugarren ekoizle nagusia da, Alemania eta Italiaren atzetik. Espainian ekoizten denaren % 80 Euskal Herrian ekoizten da, eta esportazioak dira fakturazio osoaren % 80. Bertako enpresak munduko liderrak dira fresaketa, torneaketa eta artezketaren alorretan. Bezeroen beharrei egokitzeko gaitasuna da gure industria lehiakor egiten duen aldea", esan du.

Informazio gehiago
Enpresen prestaketa Biurtekora begira
Makina-erremintak % 18 handitu zuen fakturazioa 2021ean
Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK