
Maiatzaren Lehena dela eta, sindikatuek kalera ateratzeko deia egin diete biztanleei. Aurten, batik bat Europako defentsa grinaren aurka eta Euskal Herriko gutxieneko soldata propioaren alde egin nahi dute sindikatuek; lan baldintza duinak, emakume eta gizonen arteko berdintasuna eta klima aldaketaren aurkako politikak ere ez dira atzean geratuko. Hala ere, sindikatu bakoitzak bere Maiatzaren Lehenaren gaineko ikuspuntua aurkeztu du, nork bere berezitasun eta manifestazio propioekin. Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak ere bat egingo du manifestazioekin, herritar guztientzako pentsio duinak defendatu nahi baitituzte
ELA
Mitxel Lakuntza ELA sindikatuko idazkari nagusiak eta Ane Zelaia Batzorde Eragileko kideak emandako prentsaurrekoan adierazi zutenez, Maiatzaren Lehenean sindikatuak lehentasuna emango dio “lan-baldintza okerrenak” dituen jendearen soldata hobetzeari. Hain zuzen, Gutxieneko soldata, hemen erabaki lelopean egingo dute aldarrikapena. Izan ere, taldeak ez du ontzat ematen patronalak ezarritako “betoa” Euskal Herrian erabakitako Lanbide arteko Gutxieneko Soldata (LGS) lortzeko aukerari.
Horrez gain, Zelaiak gaineratu duenez, ELAk antimilitarismoa ere aldarrikatuko du. Azken hilabeteetan Europar Batzordeak eta NATOk sustatutako “militarizazio estrategia” "mehatxua” dela azaldu zuen, bai bakearentzat, bai demokraziarentzat, bai eskubide sozialentzat. Sindikatuak “bakearen eta herrien errespetuaren alde” egin nahi du. Hortaz, erakundeak interpelatuko dituzte “estrategia belizistari aurre egiteko”, eta, aldi berean, bestelako industria-politika sustatzeko, eta zerbitzu publikoak zein politika sozialak indartzeko. Palestinar herria ere gogora ekarri nahi du sindikatuak, elkartasuna adierazi nahi baitiete.
Bi manifestazio iragarri dituzte: lehenengoa Bilbon, 11:30ean, Jesusen Bihotzan; bigarrena, Iruñean, ordu berean, Erorien Monumentuan.
LAB
Langileen alde eslogana hautatu du sindikatuak Maiatzaren Lehenerako. Imanol Karrera sindikatuko bozeramaileak, beste zenbait kiderekin batera, aurkeztu zuen taldeak 2025eko Maiatzaren Lehenari begira egiten duen irakurketa, eta zehaztu zuen aurten fokua jarriko dutela gutxieneko soldata eta pentsio propioak eskuratzeko borrokan. Nazioarteko testuingurua gero eta “korapilatsuagoa” denez, sindikatuak aldarrikatu nahi du Euskal Herriak ahalik eta burujabetza handiena izatea, “bizitza erdigunean jarriko duen eredu sozioekonomikoa” eraikita.
Hiru dira sindikatuaren lehentasunak: zerbitzu publikoak garatzea, industria politika berria abian jartzea eta herritar guztiei gutxieneko diru-sarrerak bermatzea. Patronalari eta erakundeei esan nahi diete ez dutela etsiko gutxieneko soldata propio eta duina ezarri arte, eta gehitu dute, “goizago ala beranduago”, negoziazio mahaia eratzeko “CENeko enpresariek, UGTk eta CCOOk ezarritako betoa gainditu egingo” dutela.
Mobilizatzera dei egin dute, ondorengo ordu eta lekuetan:
- Bilbon, 12:30ean, Zabalburun.
- Donostian, 12:00etan, Easo plazan.
- Gasteizen, 12:00etan, Bilbo plazan.
- Iruñean, 12:00etan, Gazteluko plazan.
- Tuteran, 12:30ean, Foruen plazan.
- Baionan, 11:00etan, tren geltokian.
- Maulen, 11:00etan, Kurutze Xurian.
CCOO eta UGT
CCOOk eta UGTk deialdi bateratua egin dute Maiatzaren Lehenerako, eta Lortutakoa babestu, etorkizuna irabazi da haien lema. Pepe Álvarez UGTko idazkari nagusiak eta Unai Sordo CCOOko idazkari nagusiak aurkezpenean esan zuten Maiatzaren Lehenaren abiapuntua soldata politikak direla, zeinak, hazi egin diren arren, oraindik ere nahikoak ez diren. Aldi berean, gehienezko lanaldia 37,5 ordura murrizteko eskatu nahi dute bi sindikatuek, “argi dagoelako” ez duela “eragin negatiborik”, ez langileengan, ez produktibitatean.
Idazkari nagusiek Europako egungo egoera ere izan zuten mintzagai, Trumpen gorabeherak direla eta. Europar Batasunaren erantzun sendoaren beharra azpimarratu nahi dute, “Europa gehiago eta hobea lortzeko" aukera eman beharko lukeen erantzuna.
Horrez gain, langileei eskatu diete “gorrotoaren nazioarteko mugimenduen aurka” kalera ateratzeko, mugimendu horiek LGBTI eskubideak, berdintasuna, etorkinak eta eskubide sozialak (osasuna eta hezkuntza) gorrotatzen dituztelako. “Industrian, ostalaritzan edo nekazaritzan lan egiten baduzu; migrantea, gaztea edo pentsioduna bazara; ordaindu ezin duzun etxebizitza bat baduzu… unea da manifestaziora joateko”, diote sindikatuek. Hiru manifestazio prestatu dituzte:
- Bilbon, 11:30ean, On Diego Lopez Haroko kale nagusiko 77an
- Gasteizen, 12:00etan, Andre Maria Zuriaren Plazan
- Donostian, 12:00etan, Alderdi Ederren
ESK Sindikatua
Industria militarraren aurka egiteko manifestaziora dei egin du ESK sindikatuak. Sindikatuak dio “eskalada belizistak” kapitalismoaren interesei erantzuteko soilik balio duela, eta azpimarratu du gerrak eta heriotzak ezin direla industriarentzat ez “negozio aukera”, ez “alternatiba” izan. Horregatik, langileei “antolatzeko unea” dela gogorarazi die, planetaren zein pertsonen bizitza defendatzeko unea, baita “suntsiketa grina” geldiarazteko momentua ere.
Maiatzaren Lehen egunerako prestatu duten kartelean beste zenbait mezu azpimarratu ditu sindikatuak: bidezko trantsizio ekosoziala, zaintza sistema publikoa, kalitatezko zerbitzu publikoak eta gutxienezko diru-sarrera duina.
Lau manifestazio iragarri dituzte:
- Bilbon, 11:30ean, Gran Vía 56an
- Iruñean, 12:00etan, Baratxuri plazan
- Donostian, 12:00etan, San Telmo museoan
- Gasteizen, 12:30ean, Europa Biltzar jauregian
Ipar Euskal Herria
LAB, CGT, CFDT, FSU eta Solidaires sindikatuek mobilizazio baterartua egingo dute Baionan, goizeko 11:00etan, tren geltokitik hasita. Klase elkartasuna eta borroka aldarrikatu nahi dituzte, baita aberastasuna, enplegua eta zaintza lanak banatzeko beharra ere, “faxismoaren eta kapitalismoaren aurrean”. “Langile izatearen harrotasuna” ere aldarrikatu nahi dute taldeek.
Egungo gobernuek “gerra ekonomia inperialista” eta "heriotza erein" nahi dutela salatu dute, eta gehitu dute ez dela onargarria “lan egiten dutenak edota prekarioenak sakritikatzea”. Hala, ondorengoak dira aldarrikapenak: zerbitzu publiko, kualitatibo eta irisgarriak; duintasunez bizitzeko aukera ematen duten lansariak eta pentsioak; klima-aldaketaren ondorioak arintzeko bifurkazio ekologiko politika; emakumeen eta gizonen arteko berehalako lansarien berdintasuna; eta, azkenik, lantoki guztietan protokoloak ezarri eta aplikatzea, indarkeria guztiei aurre egiteko.
Arestian esan bezala, Maulen ere egingo da manifestazioa LAB sindikatuaren eskutik, 11:00etan, Kurutze Xurian
Pentsiodunen mugimendua
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak ere eskaera propioa egin du Maiatzaren Lehenerako: “ordainsari eta pentsio duinak guztientzako orain”. EAEko zein Nafarroako pentsiodunei manifestazioetara batzeko dei egin diete, “garrantzitsua delako zapaltzen gaituen kapitalismoaren aurka borroka egitea".
Europar Batasunak defentsara bideratu nahi dituen 800.000 milioi euroek lan-eskubideen murrizketak eta, ondorioz, pentsioen murrizketak ekarriko dituela baieztatu dute, baita zerbitzu publikoen zein eskubide demokratikoenak ere.