• EKONOMIA
  • Manufaktura-industriaren etorkizuneko erronkak aztertuko dira Industry Summit topaketan

Manufaktura-industriaren etorkizuneko erronkak aztertuko dira Industry Summit topaketan

AFM klusterrak Madrilen antolatu du jardunaldia, ekainaren 3an

Argazkia: AFM kluster
Argazkia: AFM kluster
2026ko maiatzaren 25a - 14:16
Eg. 2026ko maiatzaren 25a - 17:15

Astebete besterik ez da falta Industry Summit topaketaren edizio berrirako. AFM klusterrak Madrilen antolatu duen jardunaldia ekainaren 3an egingo da, asteazkenean, eta bertan bilduko dira industria zein teknologia enpresa nagusietako adituak eta zuzendariak, “manufaktura aurreratuaren etorkizuna birdefinitzen ari diren erronkak aztertzeko”. 

 

Klusterrak azaldu duenez, topaketan “funtsezko” gaiak jorratuko dira: automatizazio aurreratua, robotak, humanoideak, Txinaren indarra mundu mailan, defentsaren zeregin estrategikoa… gai horiek hitzaldien eta mahai-inguruen bidez jorratuko dira, eta networking guneak ere izango dira. 

Eguna lau zati handitan banatuko da. Lehenik, adimen artifizialaz eta honek humanoideekin, automatizazioarekin eta robotikarekin duen loturaz hausnartuko dute bi hitzaldi eta mahai-inguru batean. Hitzaldiak Agustín Sáenz (Tecnalia) eta Ander Ansuategik (Tekniker) eskainiko dituzte, eta mahai-inguruan David Trabal (Fanuc Iberia) eta Xabier Alzaga (Danobat) gehituko zaizkie. Bigarren blokean hitzaldi bakarra izango da: Borja Rodríguezek (Renishaw) prozesuak kontrolatuta produktibitatea handitzeari buruz hitz egingo du. 

 

Kaferako etenaldiaren ostean, Txina izango da protagonista, makina erremintako fabrikatzaileengan duen eragina aztertuko baita. Azkenik, defentsaren txanda izango da, eta ildo horretan AFM eta Espainiako Gobernuak dituzten estrategiak aztertuko dira, besteak beste.