MarkAA eraikuntza

Erakundeek teknologiaren arloan garapenak egiteak eragin zuzena izan dezake bezeroek marka horrekiko duen pertzepzioan

Argazkia: iStock
Argazkia: iStock
Jon Irizar Aranguren
Mondragon Unibertsitateko Enpresagintzako irakasle eta ikertzailea. Ekonomisten Euskal Elkargoko Euskara Komunitateko kidea
2026ko azaroaren 6a - 05:30
Eg. 2026ko azaroaren 6a - 07:58

Urteak eman ditzake erakunde batek inguruko agenteen konfiantza eraikitzen. Urteak balioak transmititzen, diskurtsoa ontzen, iruditegia fintzen. Eguneroko inurri lana baita marka eraikuntzarena. Egun, adimen artifizial sortzaileko zenbait tresnek segundo gutxitan proposa ditzakete nortasuna adierazteko ideiak, burutazioak biltzeko hitzak, mezuak janzteko euskarriak. Eta ez gaitezen eszeptikoak izan: eraginkortasunaren izenean, aukera erakargarria da —eta egingarria, kasu askotan—. Baina ekoizteko gaitasunen eboluzioak beste galdera batera garamatza. Zein eragin du AAren erabilera sistematizatuak bezeroek markarekiko duten pertzepzioan, sinesgarritasunean eta atxikimenduan? 

 
Behar zaitugu!

Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.

Galdera mamitsua da, eta erantzuna ez da bakarra eta orokortua. Marketin, komunikazio eta erabiltzaile esperientzia arloetan lan egiten duten profesionalentzat diseinatutako Rebel Intel analisi eta dibulgazio proiektuan zenbait adituk egin izan dute erantzuna xehatzeko ahalegina. Bi ideia nagusi. Lehena, adimen artifizialaren erabilerarekiko jarrera aldakorra da testuinguruaren eta norbanakoaren ezagutzaren arabera. Bigarrena, erakundeak emandako erabilerak eta ikusgaitasunak zein norbanakoak teknologiarekiko duen onarpen mailak eragin zuzena du sortu dezakeen inpaktuan. Konplexua da, beraz, errealitatea. 

IAB eta Sonata Insights publizitate eta marketin analisirako erakundeek urte hasieran Millennial eta Z belaunaldietako 505 erabiltzaile eta 104 publizitate exekutibo galdekatu zituzten AEBn. Hamar langiletik zortzi erabiltzailek (%82) AAren erabilera modu positiboan hautematen zutela zioten; haatik, kontsumitzaileen erdia baino gutxiagok (%45) sentitzen zuten hala zela. Are, galdekatutako estatubatuarren %20k erakundeek teknologia manipulatzeko baliatzen dutela uste zuten, eta %16k, aldiz, jokabide ez etikotzat kalifikatu zuten. Oso bestelakoa zen exekutiboen ikuspuntua: %10 eta %7koa, hurrenez hurren. Eta hortik dator txostenaren beraren izena: The AI Ad Gap Widens —“Zabaldu egin da publizitatean AArekiko arrakala”—. 

 

Noski, ezin da ondorio nagusia zuzenean euskal enpresen merkatu eta paradigmara ekarri. Alde batetik, laginaren parte izan ziren enpresen nolakotasun eta norbanakoen erreferentzia zehatzak ez direlako publikoak; bestetik, aintzat hartu beharko lirateke nazioen arteko ezberdintasun kultural, etiko zein teknologikoak. Baina lerro arteko ideia aintzat hartzekoa da: erakundeek teknologian egindako garapenek ez dute zertan bezeroen iritzien norabide bera marraztu. 

Adimen artifizialaren erabilerarekiko jarrera aldakorra da testuinguruaren eta norbanakoaren ezagutzaren arabera

Eta hor kokatu beharko genuke, hain justu, eztabaida. Ez da gauza bera diseinatzaile bati aukerak aztertzen laguntzea edo markaren nortasuna definitzeko erabakiak sistemaren esku uztea. Eta, aldi berean, teknologia eta giza irizpideen esku-hartzea ez dira antagonikoak; eraginkorrago izateko gaitasuna garrantzitsua da, baina nolakotasuna erabakitzeko norbanakoaren irizpideak horrek bezainbeste —edo gehiago— balio du.

Marka baten balioa, erakundeak bere buruaz dioenetik harago, ingurukoek hari aitortzen diotena da. Eta AAren erabilerak agerian utz dezake erakundearen izaera. Inoiz baino gehiago, sortzeko eta kudeatzeko moduak ere hitz egiten baitu markaz.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain