Familia-enpresentzako ikastaroa eskainiko du Bilboko Merkataritza Ganberak, Cebek Bizkaiko enpresen elkartearen, EHUren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin, urriaren 15ean. 09:30ean hasiko da, eta parte hartzea doakoa den arren, aurrez izena eman beharko da ganberaren webgunearen bitartez.
'Familia-enpresan bezero berriak lortzea: edonoren eskura dauden marketin digitaleko estrategiak' izenburupean, jardunaldiak helburu izango, hain zuzen ere, marketin digitaleko salmenta-estrategien gainean hausnartzea.
Urko De La Torre Adi Revolutioneko zuzendari exekutiboak haren ezagutza partekatuko du eta zenbait gai jorratuko ditu, besteak beste, marketin digitalaren jatorria, egoera eta joerak familia-enpresetan. Adibideak ere erakutsiko dira, bai arrakasta izan duten enpresenak, bai porrot egin dutenenak; hala, parte-hartzaileek “modu praktikoan ulertuko dute” marketin digitalaren garrantzia, “funtsezko faktorea izan baitaiteke bezero berriak erakartzeko eta zabaltzeko”. Autoebaluazioa ere egingo dute bertaratutakoek, bakoitzaren marketin digitalaren eraginkortasuna neurtzeko helburuarekin.
Topaketa 'Familia-enpresaren etorkizuna ezagutzen' izeneko zikloaren parte da, eta, orotara, hamabost jarduera egingo dira. Hurrengo jardunaldia azaroaren 6an egingo da, 'Pertsona fisikoen eta familia enpresen itxiera fiskala planifikatzen' izenburupean.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta