
Gaur eta bihar artean egingo da Pasaiako Donibaneko kulturgunean Martech izeneko nazioarteko kongresuaren 12. edizioa, non itsas teknologien alorra landuko den. Azti zentro teknologikoak antolatu du jardunaldia, Universitat Politècnica de Catalunyarekin elkarlanean eta itsas berrikuntzaren ekosistemako beste zenbait eragileren laguntzarekin. 2008an egin zen lehen edizioa, eta egun itsas teknologien ikerketaren dibulgaziorako foro garrantzitsua da Martech.
Kongresuak helburu bat du: “XXI. mendeko ozeanoen erronkei aurre egiteko zientziaren eta teknologiaren zeregin gakoa aldarrikatzea, ekonomia urdin iraunkorra abian jartzeko beharra azpimarratuta”. Horretarako, ehun aditu eta profesional baino gehiago bilduko dira bi jardunaldietan zehar. Besteak beste, kongresuan aurkeztuko dira itsas robotikan, sentsorika aurreratuan, komunikazio-sistemetan eta datuen arteko elkarreragintasunean egindako azken aurkikuntzak, baita Adimen Artifizialaren eta itsas gune konplexuak simulatzeko erabilitako biki digitalen aplikazioak ere.
Zenbait ekimen ere aurkeztuko dira, baita tokian bertan une honetan garatzen ari diren kostaldeko laborategien esperientzia praktikoak ere: horietako bat da Pasaiako badian martxan dagoen Oarsoaldea Urdina izeneko ekimena, zeina Aztik, Oarsoaldeako Garapen Agentziak eta Pasaiako Portu Agintaritzak abiatu duten.