Euskadi Bono Denda deskontu bonuak itzuli dira. Gaurtik aurrera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 4.400 tokiko saltoki eta tabernetan eskuratu ahal izango dira Eusko Jaurlaritzak ateratako 640.000 txartelak, aldundien eta udalen laguntzarekin. Uztailaren 3ra bitartean erabili ahalko dira, eta Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuordearen hitzetan, "bertako kontsumoa eta ekonomia bultzatzea" dute helburu.
Bonuen hirugarren edizioaren aurkezpena atzo egin zuten, Gasteizen, eta Hurtadoz gain, Cristina Gonzalez Arabako Foru Aldundiko Enplegu Sustapenerako, Merkataritzarako eta Turismorako diputatuak eta Maider Etxebarria Gasteizko Udaleko Ekonomia Sustapenerako, Enplegurako, Merkataritzarako eta Turismorako zinegotziak hartu zuten parte. Besteak beste, bonuen funtzionamendua azaldu zuten. Aurreko edizioetako —oraingoa hirugarrena da— antzekoa izango da. 30 euroko bonuak izango dira, eta bonu bakoitzeko 10 euro aurreztuko ditu erosleak. Bestela esanda, 20 euroren truke, 30 euroko bonua izango du. Hala ere, bonu hauek ezin dira aldez aurretik erosi; alegia, erosketa egiten duen momentuan eta establezimenduan bertan erosi beharko da, eta betiere gehienez bost erabili ahalko dira pertsonako, toki berean zein toki desberdinetan. 16 urtetik gorako edonork izango du bost bonu horiek erabiltzeko aukera.
Aurreko edizioetan parte hartu ez duten zenbait udal eta aldundi atxikitu dira hirugarren edizio honetan. Arabako eta Bizkaiko aldundiez gain, bat egin dute egitasmoarekin oraingoan Gasteizko, Arrasateko, Derioko, Güeñeseko, Hondarribiko, Lekeitioko, Portugaleteko, Santurtziko, Urretxuko eta Zumarragako udalek.
Atxikitako establezimenduen inguruko informazio guztia Euskadi Bono Dendaren webgunean dago eskuragarri, baita bestelako informazioa ere.