BCC Basque Culinary Centerek antolatutako GOe On The Road egitasmoaren seigarren edizioa abian da. Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren eta Hazi Fundazioaren babesarekin, gastronomia eta elikaduraren arloko start-upek eman dezakete izena programan. Gauzak horrela, GOe On The Roaden helburua da “gastronomiaren etorkizuna eraldatzeko ahalmen handiena duten” start-upak identifikatzea eta horiei laguntzea.
Aurtengo edizioari Madrilen emango diote hasiera, azaroan, eta Tokion izango da abenduan, Parisen 2027ko urtarrilean eta, azkenik, Mexiko Hirian. BCCtik azaldu dutenez, hiri horiek aukeratu dira “merkatu berriak identifikatzeko, ekintzailetza-talentua hautemateko eta ekosistema bakoitzeko eragile estrategikoekin harremanak sortzeko”.
Hiri horietan, egitasmorako hautatutako start-upek beren proiektuak nazioarteko epaimahai baten aurrean aurkeztuko dituzte, eta tokiko enpresekin, inbertitzaileekin, erakundeekin eta beste eragile batzuekin harremanetan jartzeko aukera izango dute.
Deialdia beren produktua edo zerbitzua merkaturatu duten eta eskalatze-fasean diren enpresei zuzenduta dago, betiere gastronomiaren eta elikaduraren balio-katean dihardutelarik.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta