Martxan da Makina Erremintaren Biurtekoaren 31. edizioa

Bilbao Exhibition Centre-ko sei pabiloiek 28 herrialdetako 1.446 enpresa bilduko dituzte ostiralera bitarte

Biurtekoaren aurkezpena BEC-en | Argazkia: EnpresaBIDEA Biurtekoaren aurkezpena BEC-en | Argazkia: EnpresaBIDEA

Gaur goizean ireki ditu ateak, lau urteko etenaren ondotik, Makina Erremintaren 31. Biurtekoak BEC-en baina inaugurazio ofiziala eguerdian egin da. Bertan izan dira, besteak beste, Iñigo Urkullu lehendakaria, Arantza Tapia Ekonomia Garapenerako sailburua, Jose Perez Berdud AFM Cluster enpresako presidentea eta Jose Ignacio Ortiz de Urbina AIMHE-ko presidentea.

AFM Cluster-eko presidenteak goraipatu egin du BIEMH azokaren 31. edizioa: “Edozein industria enpresak behar duen teknologia oro Biurtekoan aurkituko du, baita azken teknologiarik modernoena ere”. Izan ere, Euskal Herriko zein atzerriko 1.446 enpresetako 34.000 makina, produktu, zerbitzu eta berritasun baino gehiago ezagutzeko aukera izango dute gaurtik hasita ostiralera bitarte mundu osotik BEC-era bertaratzen direnek.

Arantza Tapia Ekonomia Garapenerako sailburuak, bere aldetik, euskal industriaren nagusitasuna nabarmendu nahi izan du. Horrekin batera, esportazioen inguruko azken datuak ere ezagutarazi ditu. Azaldu duenez, pandemia garaian Euskadiko industrian egindako esportazioak "mantentzea” lortu zen eta “670 milioi euroko operazioak” egin ziren, batez ere, Estatu Batuetako eta Alemaniako merkatuan.

Aurreko edizioan, 2018an, 42.000 bisitari izan zituen makina erremintaren azokak eta kopuru hori gainditzea espero du edizio berriak.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK