• EKONOMIA
  • Mattin Etxeberria: “Mahats biltzea goizago egin arren, kalitatea ona da, ziklo osoa aitzinatu baita"

Mattin Etxeberria: “Mahats biltzea goizago egin arren, kalitatea ona da, ziklo osoa aitzinatu baita"

Arno biologikoak ekoizten ditu nekazari baxenabartarrak. "Egunak mahastien artean pasatzean, hostoetan ematen diren produktuak ahal bezain onak izatea nahiago dut", dio

Mattin Etxeberria | Argazkia: utzitakoa
Mattin Etxeberria | Argazkia: utzitakoa
VpZtp uM 400x400
Kazetaria
2026ko irailaren 8a - 05:30

Arabako Errioxan eta Nafarroa Garaian bezala, Baigorri eta Garazi aldeetan ere mahats biltzea ohi baino askoz lehenago hasi da aurten, irail hastapenean berean. EnpresaBIDEAk Mattin Etxeberria (1989, Jatsu) mahastizainarekin hitz egin du ezohiko bilketa nola doan argitzeko.

 

Mahats biltzea irail hastapenean hasi duzue aurten. Baxenabarren ez zen sekula holakorik ikusi?

Nire adinekoek ohitura genuen irail bukaeran hastea eta lehenagokoek urrian. Dena den, aitzineko urteetan bezala, aurten ere negua ez da aski luzea izan eta beraz udaberria biziki goizik hasi da. Gainera, euria egin izan balu udan oraindik askoz lehenago hasiko ginen mahatsa biltzen.

 

Ekainean gure mahasti batzuek hostoak galdu zituzten eta ondo batzuk erre ziren ere. Kezka izan genuen orduan, baina beroak iraun zuen eta mahatsak atxiki zuen. Irulegiko sotoan biltzen garen 28 ekoizleek denetik dugu gure eremuetan: mendia, behereko parteak, hegoalderantz edo ekialderantz begira dauden lurrak, denetik. Mahastizainek ez dugu baitezpada asko sofritu beroteengatik edo idorteengatik. Hazleentzat zailagoa izaten ari da, kalteak baitira pentzeetan. Oro har, mahats biltzea izigarri ontsa hasi da. Egun hauetako beroarekin jokatu behar dugu, lanean goiz goizik hasiz eta mahatsa ez hain beroa eramateko sotora.

Biltzea biziki goiztiarra dela eta, nolako kalitatea izanen dute aurtengo arnoek?

Buruan sartu behar da ziklo osoa aitzinatu dela. Urte normala ez da bizkorra bilakatu bat batean. Goizago hasi da eta goizago bukatu. Ororen buru, aski normala da. Mahatsak ukan du behar duen denbora azkura egiteko, eta baita samintasuna eta azala egiteko. Kooperatiban biltzen garen ekoizleek hori guzia biziki xeheki begiratzen dugu. Egia da aurten dena goizago gertatu dela, baina egiteko moldean betiko gisan ari gara. Izigarri pozik gaude mahatsa biziki sanoa baita. Ondu arte uzten ahal dugu. Usteltzen bada, euria egiten badu bildu behar dugu, baina aurten guk erabakitzen ahal dugu noiz egiten ahal dugun lan hori.

"Mahatsak ukan du behar duen denbora azkura egiteko, eta baita samintasuna eta azala egiteko"

Zuk arno biologikoak ekoiztea erabaki zenuen, zergatik?

Hemen ez da beti molde horretan lan egin, baina guk ez dugu deus inposatzen. Bakoitzaren ideiak errespetatzea hoberena da. Egunak mahastien artean pasatzean, hostoetan ematen diren produktuak ahal bezain onak izatea nahiago dut. Hautu desberdinak daude.

Arno beltz bordelesa ekoizten dut, xuriak ere egiten ditugu. Aurten ere mahatsak ontsa onduak dira. Idortea pairatzen dugu, baina gure eremua buztin-lurra denez mahatsek jasan ahal izan dute. Guretzat seigarren mahats biltzea da. Senideen artean segidarik ez zuenez, Daniel Iturburua baigorriarraren segida hartu dut Soramehakan, Baigorrin. Guk etxean Jatsun, Garazi aldean, mahastiak izan genituen baina nik ez nituen ezagutu. Ikasketak Médoc eskualdean egin nituen Blancahòrt herrian (Gaskoinia). Izigarri pozik nago. Orain ere Danielek laguntzen gaitu mahatsa biltzen. Harek bere mahatsa kooperatibak Baigorrin duen sotora eraman du berrogei urtez! Ez dakit beste hainbeste eginen dudan baina pozik naiz.

Zu ere kooperatiba historikoaren kidea zara, zergatik aukera hori?

Nik lau hektarea ditut eta sotoan orokorki 120 dira. Irulegiko arnoen sor-markaren eremuaren erdia da gutxi gorabehera. Nik ere hautu hori egin nuen talde indartsua baita. Urte onetan eta txarretan ere, elkarrekin lan egin dugu eta sostengua elkarri eman. Momentuz lortzen dugu denak ongi bizitzea denen artean batezbestekoa ongi egiten baita beti. Urte ona izanen da kopuruaren aldetik mahastizain guziek uste baino mahats gehiago eramaten baitute sotora egun hauetan. Mahatsa biltzen segituko dugu aste honetan eta ondokoan. Azken hiru urteetan, ekoizpena 400 tonakoa izan da, baina aurten mahatsa ausarki denez eremu guzietan, iduri zait 500 tona gaindituko ditugula.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain