• EKONOMIA
  • Medikuek greba egingo dute gaur, estatutu profesional propioa eskatzeko

Medikuek greba egingo dute gaur, estatutu profesional propioa eskatzeko

SME sindikatuak langileen lan-baldintzak berariaz aitortzea exijitu du

Elkarretaratzeak hiriburuetako ospitaleetan egingo dira | Argazkia: iStock
Elkarretaratzeak hiriburuetako ospitaleetan egingo dira | Argazkia: iStock
2025eko urriaren 3a - 09:57

Hego Euskal Herriko medikuek greba eguna dute gaurko ostiralean, urriak 3an, helburu izanik medikuen estatutu profesional propioa aldarrikatzea, haien berezitasunak aintzat hartzeko eta lan-baldintzak modu berezituan arautzeko. Espainiako Estatu mailan egingo dira mobilizazioak.

 

EAEn, zehazki, hiriburuetako ospitaleetan bilduko dira goizeko 11:00etan: Txagorritxun (Gasteiz), Gurutzetan (Barakaldo) eta Donostiako ospitaleetan. Ordubete beranduago, 12:00etan, anbulatorioetan egingo dira elkarretaratzeak: Olagibelen (Gasteiz), Areiltzan (Bilbo) eta Amara Berrin (Donostia). Mediku eta Fakultatiboentzako Estatutu Propio baten alde lemapean elkartuko dira langileak. Iruñean ere goizeko 08:00etan elkartu dira medikuak Vianako Printzea Espezialitate Zentroan.

SME Euskadiko Medikuen Sindikatuaren ustez, egungo araudiak ez du islatzen lan medikoaren espezifikotasuna, eta marko propio batek osasun sistemaren antolakuntza hobea bermatzea ahalbidetuko luke. Gainera, sindikatuak azpimarratu du estatutua aitortzea funtsezkoa dela asistentzia-gainkargari aurre egiteko eta profesional berriak erakartzeko. Grebaren helburua “Medikuntza lanbideak osasun publikoan tratu berezia eskatzen duela” agerian uztea dela azpimarratu dute.