Urtearen hasieran iragarri zuten medikuek otsailetik aurrera, hilean astebetez greba egingo zutela, estatutu propioa aldarrikatzeko asmoz, eta aste honetan halaxe egin dute beste behin. Iragarpena egin zutenetik, astebeteko laugarren greba izan da, eta berriro ere salatu dute Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioarekin akordioa lortzetik urrun daudela.
Nafarroako eta EAEko mediku sindikatuek deituta, mobilizazioak egin dituzte atzo eta gaur Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan. Gaur goizean, esaterako, Nafarroako Unibertsitate Ospitalearen atarian elkartu dira “lan jardunaldi amaiezinen” aurka egiteko. Bertan sindikatuetako ordezkariek salatu dute ez dela negoziazioetan aurrerapenik egin eta ez dela bilerak egiteko egutegirik finkatu Espainiako Osasun Ministerioarekin.
Osakidetza eta Osasunbideko medikuen asmoa da ekainean ere beste astebeteko greba egitea. Udaran, ordea, ez da grebarik aurreikusten, baina litekeena da, negoziazioetan aurrerapenik ez badago, udazkenean grebekin aurrera jarraitzea.
Hainbat kalkuluren arabera, azken hiru hilabeteetan, 300.000 mediku hitzordu bertan behera geratu dira EAEn medikuen grebaren ondorioz. Halaber, medikuen sindikatuek uste dute gatazka “une erabakigarrian” sartu dela, eta espero dute datozen asteetan negoziazioei berrekitea.