Estatutu propioa. Horren aldeko aldarriarekin daramate hainbat hilabete medikuek, eta uda aurretik dagoeneko jakinarazi zuten bide horretan pausorik eman ezean grebara deituko zutela. Zehazteke zegoen data gaur baieztatu dute: urriaren 28a izango da lehen eguna, atzo Madrilen eginiko bileran adostu zutenez. Grebarekin bat egin dute SME Euskadiko Sendagileen Sindikatuak zein SMN Nafarroako Sindikatu Medikoak.
Medikuen ezinegona piztu duen faktorea Espainiako Osasun ministerioak langile soziosanitario guztientzako aurkezturiko estatutu markoa izan da, zehazki, lan jardunari, kategoria profesionalari, eta guardien ordutegi zein ordainketari dagokion arloetan. Azken horri loturik, baita soldatei eta beste hainbat arloei dagokionez, hitzarmen proposamena adostea lortu zuten uztailean Eusko Jaurlaritzak eta medikuek. Hala ere, estatutu propioaren aldarria mantentzen jarraitzen du SMEk.
Osasunbideako langileen kasuan ere grebarekin bat egitea erabaki dute. Kasu horretan esparru estatutuak haien lanaldiak ezartzen ditu, baina gainontzeko alderdiak Nafarroako gobernuaren eskumena dira, hark baitu eskuduntza.
Aipatzekoa da Monica Garcia Espainiako Gobernuko Osasun ministroa lehen aldiz agertu dela prest estatutu propioaren aukera aztertzeko, betiere "estatutu markoa oinarri hartuta".
Osakidetzako langileen greba
Medikuek eta Jaurlaritzak uztailean lorturiko akordioak hautsak harrotu ditu Osakidetzako gainontzeko langileen artean. Gauzak hala, SATSE, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek bat egin dute, eta bost eguneko greba deialdia deitu, urria eta abendua bitartean. Helburua? Kolektibo guztientzako lan-baldintzak hobetzea, eta "benetako edukiak dituen benetako negoziazioa" eskatzeko.
Langile den-denen lanuzteak urriaren 30ean eta abenduaren 14an daude deituta. Era berean, herrialde bakoitzean beste greba egun bat ere ezarriko da: abenduaren 9an Araban, abenduaren 10ean Bizkaian eta abenduaren 11n Gipuzkoakoan.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta