Euskal Autonomia Erkidegoko egoera ekonomikoak nabarmen egin du okerrera azken hilabeteetan eta etorkizun are beltzagoa izango du urtea amaitu bitarte. Horixe da Ekonometroa inkestan parte hartu duten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomisten erdiak baino gehiagok uste dutena (Ekonomisten Euskal Elkargoak sei hilero egiten du inkesta hori), %55,2k azken sei hilabetean bilakaera negatiboa izan duela uste baitu.
Egoera ilunak badu errudunik: inkesta egin dutenen %72,3k uste du energiaren prezioa izango dela euskal enpresek izango duten etsairik handiena. %59a inflazioaren beldur da, eta %49,7ak uste du lehengaien hornidura arazoa dela oztoporik handiena. Arazorik txikienak, aldiz, osasun-arriskuetan, zibersegurtasunean eta klima-aldaketan nabari dituzte (%3,4, %6,7 eta %6,9, hurrenez hurren).
“%72,3k uste du energiaren prezioa izango dela euskal enpresek izango duten etsairik handiena. %59a inflazioaren beldur da, eta %49,7ak uste du lehengaien hornidura arazoa dela oztoporik handiena”
Ekonomistek argi dituzte oztoporik handienak zeintzuk diren, ez ordea, zer egin beharko litzatekeen horiei aurre egiteko: gehiengoak uste du, %53,4k, energiaren sektoreak eskainitako aukerak liratekeena egokienak, %49,1ek prestatutako profesionalak behar direla, eta %40,8ak uste du I+G+Brako inbertsioak sustatu behar direla.
Inflazioa ere kezkagarritzat dute inkestatuek baina ez dute garbi zer egin daitekeen arazoari aurre egiteko. %51,9k errenta paktua indartzea proposatu du, %43,6k, berriz, energian, erregaietan eta elikagaietan kontsumoaren gaineko zergak kentzearen alde egin du. Hala ere, tasen igoerarekin diru eskaintza jaistea, produkzio eta banaketa kateak hobetzea, edota gobernuak prezioak kontrolatzea bezalako neurriak ere proposatu dituzte.
Era berean, ekonomisten %80ren ustetan, arazoa dago belaunaldien arteko erreleboarekin. %54,7k uste du, tokiko talentuari eutsi behar zaiola erreleboak behar bezala bermatzeko. Profesionalak ongi trebatzea ere ezinbestekotzat jo du %42ak, enpresen funtzionamendu egoki baterako garrantzitsua delakoan, eta enplegu publikoak ezartzea eta hezkuntza sistema erreformatzea ere eskakizunen artean egon dira. Babes txikiena eragin duen neurria nazioarteko talentua erakartzearena izan da, %7,9ko babesa jaso baitu. Hala ere, lan-merkatuan belaunaldien arteko erreleborik ez egotea gehien nagusitu den arazoa izateaz gain, jaiotza-tasa eskasak eta migrazio txikiak ere kezka eragin dute. Gazteen prestakuntzaren eta enpresen beharren arteko egokitzapen txikiaren ondorioz, oso erakargarria ez den enplegu-eskaintza dagoela ere uste dute.
“Ekonomisten %80ren ustetan, arazoa dago belaunaldien arteko erreleboarekin”
Ekonometroaren inkestan, langabeziaren inguruko usteak ere aipatzen dira: ekonomisten %34,8ak uste du langabezia pixka bat jaitsiko dela, %30,1ek antzera jarraituko duela uste du, eta %29a apur bat igoko delakoan dago.
Bestalde, ekonomialarien egoera ekonomiko pertsonala aztertuta, ikus daiteke %60k baino gehiagok uste duela beren egoera ekonomikoa duela sei hilabetekoaren berdina dela. Hala ere, beren egoera ekonomikoa hobetu dela uste dutenen ehunekoa txikiagoa da okerrera egin duela uste dutenen ehunekoa baino. 2021eko abenduan, datu hori alderantzizkoa izan zen. Etorkizunari dagokionez, berriz, ez dira oso itxaropentsuak.
Etorkizun iluna
Orokorrean, inkestatutako ekonomialariak nahiko baikor dira aurrezteari eta langabeziari dagokionean, baina pertzepzio txarra dute euskal ekonomiaren etorkizunaren inguruan, etorkizun beltza ikusten baitiote datorren urte erdirako.
“Inkestatuek gehienbat prezioak jaistearen aldeko irtenbideak hautatu dituzte egoera hobetzeko asmoz”
Iñaki Fernandez Ekonomisten Euskal Elkargoko ekonomialariak aurkeztu ditu aipatutako datuak, Elkargoko beste bi kiderekin batera. Azaldu duenez, inkestatuek gehienbat prezioak jaistearen aldeko irtenbideak hautatu dituzte egoera hobetzeko asmoz. Hala ere, bere ustetan, bankuek interesak igo edo diru eskaintza eta laguntzak jaitsiz gero, ekonomia gero eta apalagoa izango da eta, ondorioz, prezioak jaisteko aukera egon litekeen arren, horrek atzeraldi bat ere ekar lezake.