• EKONOMIA
  • Merkataritza libreko ituna ondu dute EBk eta Indiak

Merkataritza libreko ituna ondu dute EBk eta Indiak

18 urteko elkarrizketen ostean, "akordio historikoa" lortu dutela adierazi dute bi aldeek. 2.000 milioi kontsumitzaileko merkatua sortuko da munduko bigarren eta laugarren ekonomien artean

Mumbai hiria | Argazkia: iStock
Mumbai hiria | Argazkia: iStock
2026eko urtarrilaren 27a - 12:11

Europak bere merkatuak zabaltzen dihardu eta gaurkoan akordio “historikoa” erdietsi du Indiarekin. Hemezortzi urteko elkarrizketen ostean, merkataritza libreko ituna sinatu dute EBk eta Asiako herrialdeak. Azaldu dutenez, akordioari esker, Europako enpresa esportatzaileek 4.000 milioi euro aurreztuko dituzte muga-zergetan, eta 2.000 milioi kontsumitzaileko merkatua sortuko da.

 

Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentea eta Antonio Costa Europar Kontseiluko burua New Delhin izan dira gaur eta Narendra Modi Indiako presidentearekin bildu dira. Bilkuraren ostean eman dute itunaren berri, eta Modik adierazi du “akordio guztien ama” ondu dutela.

Egun, EBk eta Indiak 180.000 milioi euroko ondasun eta zerbitzuak salerosten dituzte, eta Von der Leyenek azaldu du akordioarekin 2032. urterako bikoiztu egingo direla Europaren Indiarako esportazioak. “Bi erraldoien historia da hau, bigarren eta laugarren ekonomia handienena. Akordio hau onuragarria izango da bi aldeentzat”, esan du.

 

Itunaren bidez, Txina eta Estatu Batuekiko mendekotasuna murriztu nahi dute bi aldeek. Hala, bi ekonomien arteko merkataritza salgaien %90ri murriztu edo kendu egingo zaizkie muga-zergak.

Autoen gaineko muga-zergak %110etik gutxieneko %10 batera murriztea adostu dute, betiere 15.000 eurotik gorako autoak badira. Halaber, gaurtik bost-hamar urtera autoen osagaien gaineko muga-zerga guztiak ezabatu egingo dira. Makineriaren gaineko zergak (%44), produktu kimikoenak (%22) eta farmazia produktuenak (%11) ere kentzea adostu dute.

Elikagaiei dagokienez, ardoen gaineko muga-zerga %150etik %75era murriztuko da, eta oliba olioaren gainekoa bost urtetan ezabatzea aurreikusten dute. Garagardoaren gaineko tasa %110etik %50ra murriztuko da.

Indiarentzat bazkide komertzial handiena da EB, eta herrialderen esportazioen %11,5 bertako herrialdeetara egiten ditu. Europarentzat, aldiz, India bederatzigarren merkataritza bazkidea da, eta bertara bere esportazio guztien %2,4 egiten ditu. Hori bai, Indiako merkatua nabarmen hazten ari da, eta bi aldeen arteko merkataritza salerosketa %90 handitu da azken hamar urteetan.