• EKONOMIA
  • Merkataritza libreko lehen akordio integralera iritsi dira Europa eta Australia

Merkataritza libreko lehen akordio integralera iritsi dira Europa eta Australia

Muga-zergak desagertuko dira, besteak beste, zenbait elikadura produktuetan, edota Australiatik Europara inportatzen diren mineraletan

Argazkia: iStock
Argazkia: iStock
2026eko martxoaren 24a - 09:43

Zortzi urte izan dira negoziatzen Europa eta Australia merkataritza libreko akordio batera iritsi asmoz. Azkenean, gaur izenpetu dute hitzarmen hori Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak eta Anthony Albanese Australiako lehen ministroak. 

 

Europa eta Australiaren arteko harreman komertzialek ibilbide luzea dute. Aitzitik, gaur sinatutakoa lehen merkataritza akordio integrala da, harreman horiei testuinguru zabala ematen diena. 2016 eta 2017 urte bitartean Europar Batasuneko parlamentuak negoziazioaren prozedura abiatzeko babesa eman zuen, eta 2018an hasi zen prozesua bera.

Eztabaidagai izan dira, besteak beste, litioa bezalako lehengai estrategikoak, jatorri-deiturak edota nekazaritza-kuotak eta hura babesteko neurriak. Hain zuzen ere, azken hori izan da gai delikatuenetakoa. 2023an negoziazioak ez aurrera, ez atzera, geratu ziren, haragiaren esportazioa tarteko. Australiak Europako merkatuan sarbide errazagoa nahi zuen behi eta ardi haragiari dagokionez, baina kontinente zaharreko agintariek euren abeltzaintza babestea lehenetsi nahi zuten. Azkenean, puntu horretan akordatu dutena da muga-zerga kuota berriak ezartzea. Bestela esanda, gehienez 30.600 tona behi-haragi esportatu ahalko dira Australiatik EBra %7,5eko muga zerga mugatuarekin, eta betiere bazkaz elikatutakoa bada. Ardi-haragiaren kasuan, 25.000 tonek ez dute muga-zergarik izango, baina %27 baten izoztutako haragia izan behar da.  

 

Neurri bera izango dute Australiatik kontinente zaharrera ekartzen diren azukreak, arrozak, gariak, esne-hauts gaingabetuak eta gurin naturalak. Aldiz, ardoa, fruta eta barazkiak, txokolatea edo azukrearen gaineko muga-zergak bi norabideetan desagertuko dira.

Europako adierazpen geografikoa duten zenbait produktu babestuko ditu, halaber, akordioak. Gaztaren kasua jartzearren, Pecorino gazta guztiz babestuta izango da; feta edo gruyere bezalako produktuetan, Australiako ekoizleek erabili dezakete, betiere jatorria argi etiketatua badago. 

Australiako mineralak

Beste esparru gako bat Australiako mineralak izango dira. Australiatik inportatzen diren mineral kritikoen eta hidrogenoaren gaineko muga-zergak desagertu egingo dira. Trantsizio energetikoa sustatzeko erabaki gakoa da, halako materialak beharrezkoak baitira horretarako. Hala ere, menpekotasun berriak sortzeko arriskua ere ekar diezaioke Europari.

Automobilgintzarako albiste ona izan daitekeena ere badago, EBko auto guztiek muga-zergarik gabeko sarbidea izango baitute, eta ibilgailu elektrikoen kasuan, %75ek ez du luxuzko autoen gaineko zerga ordaindu beharko. Bestelako ibilgailuen kasuan ere tarifak pixkanaka kenduko zaizkie.

Azkenik, oro har, zerbitzuetan eta inbertsioetan ere erraztasunak aurreikusi dira bi norabideetan.

Gauzak hala, bi bazkideen arteko jardueran %30eko hazkundea aurreikusten da akordioari esker, eta 1.000 milioi euroko balioa duten tarifak aurreztea Europak. Era berean, bien arteko lankidetza sustatuko du hainbat esparrutan, besteak beste, "defentsa-industrian, itsas segurtasunean, zibersegurtasunean, terrorismoaren aurkako borrokan eta mehatxu hibridoen aurkako borrokan, hala nola desinformazioan", azpimarratu du Albanesek. Izan ere, "erronka global premiatsuei ahalik eta ondoen erantzun ahal izateko" markoa izan nahi du Australiako lehen ministroaren hitzetan. Von der Leyenek, bere aldetik, honakoa adierazi du: "badakigu Europaren segurtasuna eta Indo-Pazifikoko egonkortasuna ez direla gai bereiziak".