
Merkataritza sektoreak handizkako eta txikizkako merkataritza, eta motordun ibilgailuen salmenta eta konponketa hartzen ditu. Eustatek iragarri berri ditu lehenengo hiruhilekoko salmenta datuak, eta horien arabera, iazko epe berean baino % 5,3 gehiago saldu dute. Azkeneko hiruhilekoarekin alderatuta, berriz, hazkundea % 1,9koa izan da, urtaro arteko eragina kontuan izan gabe.
Salmenta errealak soilik kontuan hartuta, bai handizkako, bai txikizkako merkataritzak, hazi egin dira iaztik, % 7,8 eta % 4,9 hurrenez hurren. Aldiz, motordun ibilgailuen arloan beherakada izan da, % 7,3koa. Aurreko hiruhilekoarekin alderatuz gero, ordea, motordun ibilgailuen arloa hazi da gehien, % 1,4. Txikizkako merkataritzak % 1,2 egin du gora, eta % 1 handizkakoak.
Lurraldeka, Bizkaiak izan du bilakaera nabariena, hala urte arteko bilakaeran (% 5,8), nola aurreko hiruhilekoarekin alderatuta (% 2). Gipuzkoan, % 5,5 hazi da iaztik eta % 1,7 aurreko hiruhilekotik. Azken hau apur bat altuagoa izan da Araban, % 1,9koa, urte artekoa % 3,5ekoa izan delarik.