• EKONOMIA
  • Merkataritzan ekitea: non, noiz, nola eta… norekin?

Merkataritzan ekitea: non, noiz, nola eta… norekin?

Ekin Retail kongresuaren lehen edizioak ekintzaile eta eragileen hausnarketak partekatu ditu

Argazkia: Niko Cuenca
Argazkia: Niko Cuenca
niko cuenca 2022
Analista ekonomikoa. EnpresaBIDEAko aholkularia
2025eko abenduaren 13a - 05:30

Ausardia eta erronka. Horiek izan ziren Eusko Jaurlaritzak eta Bilboko Udalak antolatu zuten Ekin Retail EAEko Merkataritza-Ekintzailetzari buruzko lehen kongresuan etengabe errepikatu ziren hitzak. Ez ziren, baina, bakarrak izan, gaiaren konplexutasunaren seinale.

 

300 lagun baino gehiago bertaratu ziren Bilboko Azkuna Zentroan burututako topaketara, ekintzaileen esperientziak eta adituen hausnarketak ezagutu, eta, bide batez, networkinga egitera. Azken hau izan da, hain zuzen, kongresuaren helburuetako bat, bertan hainbat eragile ekonomikok informazioa emateko guneak ezarri zituztelako.

Tokiko merkataritzaren garrantzia

Kontxi Claver Bilboko Udaleko Ekonomiaren Garapen, Merkataritza, Turismo eta Enplegu zinegotziak eta Javier Hurtado Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuen hitzek eman zioten hasiera kongresuari. Bien esanetan, tokiko merkataritzaren aldarriak garrantzi handia izan zuen. Hala, Hurtado sailburuak emandako datuen arabera, merkataritzak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako enplegu osoan %14ko pisua du, eta Barne Produktu Gordinaren %11 eragiten du. Horregatik tokiko merkataritzak gure bizitzetan duen garrantziaz kontzientziatzeaz gain, hurbileko merkataritza lan-aukera gisa ikustearen beharra nabarmendu zuen, ”bere zailtasunekin eta onurekin”.

 

Erakundeek burutu beharreko lanaz ere mintzatu zen Hurtado, gai horretan Claver zinegotziarekin bat etorrita, eta oraingo eta etorkizuneko merkatariei zuzendu zitzaien “prozesu horretan ez daudela bakarrik“ esateko, “administrazioaren laguntza izango dutela beren negozioa garatzen laguntzeko, zuzeneko laguntzen bidez, prestakuntzarako laguntzen bidez, enpresak eskualdatzeko eta aholkularitzako programa espezifikoen bidez”.

Tokiko merkataritzak gizartean duen eragina kongresuaren zehar-lerroetako bat izan zen. Nerea Hormaetxe Lauzirika, EAEko tokian tokiko erakundeek eratutako garapen-agentziak biltzen dituen Garapen agentziako ordezkariak, esaterako, komunitatea sortzearen garrantzia azpimarratu zuen, eta pertsona migratzaileentzako ibilbide profesionala sendotzeko aukera ere badela gaineratu zuen. Ez zen hori erronka soziodemografikoaren inguruan egin zen hausnarketa bakarra, izan ere, informazioa partekatzeko gunean Harreragune, Bilbon migratzaileei harrera egitea, orientatzea eta integratzea helburu duen zerbitzu publikoak informazio puntua ezarri zuelako.

Nor bere nagusia izatea

Tokiko ingurunean eragin soziala izatearen garrantziaz ere aritu zen Amaia Ladislao. Beste inoren kontura 25 urte inguruan lan egin eta gero, Mundakan Eroski supermerkatuaren frankizia irekitzea erabaki zuen, herrian zegoen beharra ikusita. Eroski kooperatiban hainbat urtez lan egin ostean hartu zuen erabakia. Frankizien prozesua oso ondo ezagutzen zuen, eta horrek eman zion ekiteko konfiantza. Nork bere erara ekitea: ereduak eta esperientziak izeneko mahai-inguruan hartu zuen parte Ladislaok, bertan negozioa abiatzeko bestelako bideak hautatu zituzten ekintzaileekin batera. Asier Ortiz de Zarate gazte bilbotarrak, esaterako, zerotik hastea erabaki zuen esklusibotasuna muinean duen Kickz by Ortiz kirol moda denda irekita. Laura Inés Hunterrek, bestalde, eskualdatzearen bidez eskuratu zuen mende bat baino gehiago indarrean dabilen Larralde gozotegia eta Nora Zubirik familia-negozioaren eredua azaldu zuen, Bilboko merkataritzan izen propioa duen Zubiri lentzeria dendaz arduratzen den laugarren belaunaldiko kidea izanik.

Buruhausteak ekarrita ere, besteen erabaki eta aginduen menpe egoteak dakarren askatasuna goraipatu eta norberaren grina eta proiektu pertsonala gorpuztera animatu zituzten kongresura hurbildutakoak

Solaskideek ekiteko bide ezberdinak jorratu bazituzten ere, ondorio bera nabarmendu zuten guztiek, norberaren nagusia izatearen garrantziaz. Buruhausteak ekarrita ere, besteen erabaki eta aginduen menpe egoteak dakarren askatasuna goraipatu eta norberaren grina eta proiektu pertsonala gorpuztera animatu zituzten kongresura hurbildutakoak. Egunero ikasten dela ere azpimarratu zuten eta kudeaketaren erronken artean pertsonen alorra aipatu zuten, talde-lana sustatzea eta kide izatearen sentimendua garatzea erronka nagusitzat definituz.

Formakuntzaren garrantzia

Egunez egun ikasten bada ere, ekin aurretik eman beharreko urratsak ere izan zituzten aztergai Ekin Retail kongresuan hainbat adituren eskutik. Isabel Muela Lopez, Bizkaiko DEMA Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentziako zuzendariordeak, esaterako, Ekintzailetza Eskolaren sorrera azaldu zuen, dirulaguntza jaso nahi duten ekintzaileek burutu beharreko prestakuntza koordinatzen duena. Bideragarritasun plana, finantzaketa eta marketin plana bezalako gakoak aldez aurretik jorratzea ezinbestekotzat jo zuen Muelak, eta Garapen elkarteko Hormaetxek bezala, prestakuntza gidatua duten proiektuek aurrera egiteko aukera gehiago dutela nabarmendu zuten.

Prestakuntza programak eta laguntzak badaude ere, baliteke ekiteko grina dutenak laguntzen labirintoan galtzea, eta horretarako bidea zuzentzen duten aliatuak topatzea ezinbestekoa da. Horrela azaldu zuen Celestino Martínezek, ekintzailetzan aditua den aholkulariak. Bere hitzetan, ezinbestekoa da ekintzaileak asko eta sakon jakitea berari dagokion esparruan, bere proiektuaren arima den eremuan, bere indargune nagusia delako. Halaber, negozioak bizirauteko beharrezkoak diren gainerako alorretan (marketina, lege kontuak, finantzak…) zerbait jakitea ere funtsezkoa da, eta horretarako aholkulari eta eragile publikoen prestakuntza eskaintzeak garrantzi handia hartzen du.

Ausardia eta erronka. Grina eta ekimena. Askatasuna eta ardura. Ez da erraza merkataritzan ekiteko ezinbestekoak diren hitzak laburbiltzea. Ekin Retail kongresua, baina, gaiari ekiteko hurbilketa ona izan zen.