Merkealdiaren beherapenak

Beherapen sasoia abian da, nahiz eta orain urtean zehar bestelako beherapenak ere izaten diren, kate handien mesedetan eta txikien kaltetan. 2022 ez da urte ona izan salmentetan azken hauentzat. Bitartean, 2023ko beherapenetan euskaldunek 100 euro inguru gastatzea espero da

Argazkia: EnpresaBIDEA Argazkia: EnpresaBIDEA

Urtea hasieraren liturgiaren gako nagusia da merkealdia. Errege Magoen bisita ospatzeko errege opila gosaldu, opariekin jolastu eta gabonetako apaingarriak kendu. Horrela esaten diegu agur gabonei. Urtarrilaren 7an, baina, gure kaleetako dendak zeharo aldatzen dira. Gabonetako mezuak desagertu eta beherapenak iragartzeko kartelek betetzen dituzte saltokien erakusleihoak. Familia askorentzat pagotxen bila joateko eguna izaten zen merkealdien lehen eguna eta ohikoa zen saltoki handien irekieran pilaketak ikustea. Gaur egun, ordea, indarra galdu dute jende pilaketen irudi horiek. Merkealdia ere beherapenetan dagoela esan daiteke.

Duela 27 urte, 1996ko urtarrilaren 15ean txikizkako merkataritzaren antolamendurako 7/1996 legea onartu zuen Espainiako Gobernuak. Salmenten sustapenerako jarduera arautzen zuen helburu arau berriak, eta saltokiek merkealdia urtean bitan baino ezin egitea ezarri zuen, negua eta udan, beti ere autonomia erkidegoek onartutako daten artean. 

2012an Mariano Rajoyren gobernuak legea moldatu zuen krisi ekonomikoari aurre egiteko aitzakiaz baliatuta. Sustapenen liberalizazioa ekarri zuen lege berriak, saltokiei sustapenak nahi dutenean egiteko aukera emanez. Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak auzitegietara jo zuten legeak haien eskumenak urratzen zituelako, baina 2016an Auzitegi Konstituzionalak Rajoyren legea ontzat eman zuen. Aldaketa horren ondorioak nabariak dira gure kaleetan, eta baita gure lexikoan ere. Izan ere, Mid Season sales eta Black Friday bezalako hitzak gero eta ohikoagoak ditugu.

Araudi berriaren bi aldeak

Araudi berriak merkataritza suspertzeko helburua bazuen ere, azkar gelditu zen irabazleak eta galtzaileak bazituela. Alde batean, etengabe eskaintza eta sustapen handiak egiteko gaitasun ekonomikoa duten kate handiak. Beste aldean, ordea, deskontu handien politika horrekin lehiatzeko aukerarik ez duten saltzaile txikiek. Horrela salatu zuen Euskomer Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako merkatarien konfederazioak. Elkartea osatzen duten 18.000 saltokiek EAEko Barne Produktu Gordinaren % 11 eta enpleguaren % 14 sortzen dute. 2022ko Urteko Asanblada Orokorraren ostean, Estibaliz Tello Euskomerreko presidenteak egindako agerraldian beherapenen sasoiaren liberalizazioa kritikatu zuen “kate handien mesederako eta saltoki txikien kalterako” izan dela salatuz.

Cristina Cano Herran: “Bezero asko engainatuta sentitzen dira deskontu barik erosita”

Iritzi berekoa da Cristina Cano Herran, CECOBI Bizkaiko Merkataritzako Enpresari Konfederazioko burua. "Liberalizazioak ohitura txarrak sortu dizkio kontsumitzaileari”, adierazi du. Bere esanetan, hainbat moda katek egiten dituzten etengabeko eskaintzak ikusita “bezero asko engainatuta sentitzen dira deskontu barik erosita”.

Askotariko estrategiak

Kate handien artean, hala ere, badira estrategia ezberdinak. Inditex taldeak —Zara, Stradivarius, Bershka, Pull&Bear, Massimo Dutti, Lefties eta Oysho—, esaterako, merkealdien ohiko datei eusten die. Urtarrilako eta uztaileko betiko datetan ekiten die produktuen beherapenei, eta urtean zehar Black Friday baino ez du burutzen, ostiralean bertan. Tendam taldeak —Cortefiel, Springfield, Hoss edo Women'Secret—, ordea, urtean zehar Mid Season Sales bezalako hainbat sustapen burutzen ditu, eta ohiko bezeroei deskontu bereziak eskaintzeko programa du abian.

Merkatari txikiak hasiera batean Black Friday bezalako sustapenetan lehiatzen hasi baziren ere, askok uko egin diote eta ohiko merkealdiei eutsi diote. Beherapenen datak ere aldatu egin dituzte hainbat merkatarik azken urteotan. Scotch and Soda Herbeheretako marka ezagunaren kasua da. Bizkaiko enpresa batek du Espainiar estatutan markaren dendak irekitzeko esklusiba. Hego Euskal Herrian Bilbon dago denda bakarra, baina Iruñea eta Bilboko El Corte Inglesen salmenta puntuak ere baditu.

Bezeroek % 2 gutxiago gastatuko dute merkealdian, eta geroz eta gehiago zorpetzen dira erosketak egiteko

Imanol Alzuri Errandonea azken hauen arduraduna da. Azken urteotan aldaketak areagotu direla azaldu du: "Hasiera batean urtarrilaren 2an ohiko bezeroentzako salmenta pribatuak hasten ziren eta 7an beherapenak. Datak aurreratu ziren eta aurten, lehen aldiz, beherapenak abenduaren 26an abiatu dituzte Bilboko dendan". El Corte Inglesen, ordea, bestelako arauak daude. Merkealdiak urtarrilaren 7ko datari eutsi badio ere, salmenta pribatuak zerbait lehenago hasi ziren.

Marka holandarra ez da beherapenak aurreratu dituen denda bakarra. Gero eta gehiago dira deskontuen sasoia aurreratzen duten saltokiak nahiz eta gehiengoak, gaur gaurkoz, ohiko datei eutsi.

2022 urte txarra euskal saltokientzat

2022 ez da urte ona izan Hego Euskal Herriko txikizkako saltokientzat. Espainiako INE estatistika institutuak emandako datuen arabera, salmentek % 8,4ko hazkunde metatua izan dute EAEn eta % 12,2koa Nafarroan azaroa bitartean. Datuak, baina, tentuz aztertu behar dira. Aurtengo ezohiko inflazioaren gorakadak datuak desitxuratzen dituelako. INEk hazkunde tasa deflaktatuak ere ematen ditu, inflazioaren eragina aintzat hartuta, eta emaitza erabat aldatzen da: EAEn txikizkako saltokien salmentak % 8 jaitsi dira, eta % 0,4 Nafarroan aurreko urtearekin alderatuta.

Inflazioaren eragina aintzat hartuta, [...] EAEn txikizkako saltokien salmentak % 8 jaitsi dira, eta % 0,4 Nafarroan aurreko urtearekin alderatuta

Saltoki motari dagokienez, norbanakoen dendek eta kate txikiek pairatu dute jaitsiera gehien (% 4,5 eta % 2,9, hurrenez hurren). Kate handiek eta azalera handiek, ordea, gutxiago egin dute atzera. EAEren kasuan salmenten portaera negatiboa izan da azken bost hilabeteetan. Martxoan eta ekaina bitartean salmentek gora egin ostean, uztailean joera aldatu egin zen. Azken hiru hilekoan klimatologiak ez die lagundu. Udako giroa nagusi izan da azaroaren bukaera arte, eta eguraldia aldatu orduko Black Friday atarian ziren saltokiek eta bezeroek produktuak deskontuekin erosi zituzten. Scotch and Sodan ere klimaren eragina nabarmentzen dute. "Lehen bi hiruhilekoak hobeak izan ziren, baina urte bukaera ez da hain ona izan". 2022an aurreko urtea baino % 11,6 gehiago fakturatu dute Bilboko dendan. Inflazioaren eragina aintzat hartuta, hazkundea ez litzateke hain handia izango. Halere, oraindik pandemiaren aurreko fakturaziora ez direla heldu azpimarratzen du.

Salmenta gutxiago, baina lanpostu gehiago

Salmenten atzerako bilakaerak, baina, ez du enpleguan islarik izan. EAEko txikizkako saltokien enpleguak % 2,2 egin zuen gora azaroan, eta Nafarroan % 0,9. Urteko datu metatuari dagokionez, EAEn enpleguak  % 2,1 egin du gora eta % 1,9 Nafarroan. Merkealdia lanpostua sortzeko sasoia izaten da. Adecco aldi baterako enplegu etxeak egindako txostenaren arabera beherapen sasoian Espainian 202.000 kontratu sortuko dira, iaz baino % 9,3 gehiago.

Hego Euskal Herriari dagokionez 14.800 lanpostu inguru sortuko dira, 7.900 EAEn eta 6.900 Nafarroan. Adeccoren txostenaren arabera, lan erreforma berriak kontratazioan eragina izango du. Hala, kontratu berrien % 10 aldizkako lan finkoak izatea estimatzen da. Adeccoren datuekin ez dator bat CECOBI. Bere datuen arabera, merkealdiak sortutako enplegua iazkoa baino % 23 baxuagoa izango da. Estatu mailako portaera baino zertxobait hobea bada ere, kezkatzeko datua dela nabarmentzen dute.

Hego Euskal Herriari dagokionez 14.800 lanpostu inguru sortuko dira, 7.900 EAEn eta 6.900 Nafarroan, Adeccoren arabera

Euskaldunok 100 euro baino gehiago gastatuko dugu merkealdian. Banqmi aholkularitza etxeak egindako inkesta baten arabera Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako biztanleek 110,23 euro gastatuko dute eta Nafarrek 102,90 euro. Antzeko ikerketa egin du Irache Nafarroako kontsumitzaileen elkarteak. Nafarren % 77k beherapen sasoian erosketaren bat burutzeko asmoa dute, aipatu ikerketaren arabera, eta batez besteko gastua 109 eurokoa izango da.

Erosketen gastuari aurre egiteko orduan, Banqmi etxeak zorpetzerako joeraren hazkundea nabarmentzen du. Bezeroen % 37k erosketak burutzeko txartelen finantzaketaz baliatuko dira, aurreko urtean baino % 2,5 gehiago eta 2021an baino ia 7 puntu gehiago. Erosketak hilabeteko soldatarekin ordainduko dituztenen kopuruak, ordea, behera egin du azken urteotan. 2019an % 36 baziren, aurten % 27. Bizitzaren garestitzea neguko beherapenetan igarriko dela dio finantza aholkularitzaren txostenak. Horrela Espainiar estatu mailan gastua % 2 murriztuko da, inkestaren arabera. 

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK