Merkurioa gora, salmentak ere bai

Merkataritza-kate handiek zein saltoki txikiek baieztatu dute beroaren eraginezko haizagailuen eta aire girotu eramangarrien salmenten hazkunde nabarmena

Argazkia: iStock
Argazkia: iStock
2026ko uztailaren 28a - 05:30

Maiatzaren lehen hamabostaldia euritsu eta hotza izan arren, klima aldaketaren ondorio latzak maiatzaren bigarren partean hasi ginen jasaten. Uda hasi baino lehen iritsi ziren aurtengo lehen bero-boladak, eta tenperaturek ez ezik, aire girotuen eta haizagailuen salmentek ere gora egin dute. Euskal Herrian, azken urteetan ohikoa ez zen beroak kontsumitzaileen ohiturak aldatu ditu, eta gero eta gehiago dira etxea freskatzeko irtenbide azkarren bila dabiltzanak. Etorkizunean ez gara hainbeste arduratuko berogailuez, hotza sortzeko ekipoez baino.

 
Behar zaitugu!

Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.



Fernando Tudela Eroskiko merkataritza-saileko arduradunak azaldu duenez, klimatizazio-kanpaina apirilaren amaieran hasten da, neguko berokuntza-produktuak ordezkatzen dituztenean. “Lehen salmentak orduan hasten dira, baina benetako jauzia lehen bero-boladarekin etortzen da”, dio.

Bilboko Elekma S.L. etxetresna elektrikoen saltoki ertainaren Asier Madariaga jabearen esanetan, “aurten, ekainera arte salmentak iaz baino nabarmen apalagoak izan dira. Hala ere, beroa iritsi eta berehala, gainera oso modu bortitzean, egoera erabat aldatu zen: hiru egun eskasean iazko kanpaina osoan saldutako haizagailu kopuru bera saldu genuen, eta izakinik gabe geratu ginen”. Elekmanen gehien saldu duten produktua, zalantzarik gabe, aire girotu eramangarria izan da. “Izakinak izan genituen egunetan, iazko aldi berean baino hamabost aldiz gehiago saldu genuen. Eskari handiena izan duen produktua izan da, eta baita lehenengo agortu zena ere”, azpimarratu du Madariagak.

 

Ekainean soilik, 2025eko uda osoan baino %30 aire girotu eramangarri gehiago saldu dituzte


Zenbakiek argi erakusten dute joera. Eroskin, ekainean soilik, 2025eko uda osoan baino %30 aire girotu eramangarri gehiago saldu dituzte, eta haizagailuen salmentek iazko kanpaina osoaren maila ia berdindu dute. Tudelaren esanetan, beroaldi bakoitzak salmentetan beste bultzada bat eragiten du, eta egun beroenetan bezeroak "ia etsita" iristen dira dendara, lo egiteko edo etxean egoteko moduko tenperatura lortzeko irtenbide baten bila.

Leroy Merlinek ere antzeko joera antzeman du. Enpresaren datuen arabera, maiatzean A+++ motako aire girotuen salmentak %113 igo ziren aurreko urteko hil beraren aldean; aire girotu eramangarrienak %60 eta zutik nahiz mahaigaineko haizagailuenak %35. Ekainean, klimatizazioaren kategoriak oro har %8 egin zuen gora, eta berriro ere ekipamendu eramangarriak izan ziren hazkunderik handiena izan zuten produktuak.

Aukeran, eramangarria

Bi enpresen arabera, aire girotu eramangarria bihurtu da azken urteetako produktu izarra. Ez da kasualitatea. Gailu horiek ez dute instalaziorik behar, merkeagoak dira split sistemak baino eta etxeko gela batetik bestera mugitzeko aukera ematen dute. Horregatik, bereziki egokiak dira bero-boladak noizbehinkakoak diren lurraldeetan.

"Estatuko iparraldean aire girotu eramangarriek split sistemek baino harrera handiagoa dute", azaldu du Tudelak. Aire girotu finkoek energia gutxiago kontsumitzen dute eta errendimendu handiagoa eskaintzen dute, baina instalazio-lanak behar dituzte, hasierako inbertsioa handiagoa da eta, askotan, etxebizitza-komunitatearen baimena ere behar izaten da. Eramangarriak, aldiz, berehala erabiltzeko prest daude, nahiz eta zaratatsuagoak izan eta kontsumo handiagoa izan.

Haizagailuen artean ere aldaketa nabarmena gertatu da. Eroskiko arduradunak azaldu duenez, dorre motako haizagailuek ohiko zutikako modeloak ordezkatu dituzte pixkanaka. Isilagoak dira, urrutiko agintea dute eta etxe barruko espazioetan hobeto integratzen dira. Unitate kopuruari dagokionez, gaur egun horiek dira gehien saltzen diren produktuak.

Kontsumitzaileen profila

Kontsumitzaileen profila ere aldatzen ari da. Alde batetik, erosle aurreikuslea dago: udaberrian erosten du, prezio hobeak eta produktu gehiago aurkituko dituelakoan. Bestetik, beroarekin batera erosten duen bezeroa dago, premia nagusi denean. Azken hori da gehiengoa. “Jendea dendara presaka etortzen da, une horretan dagoena erostera”, dio Tudelak.

Leroy Merlineko adituek beste joera bat ere azpimarratzen dute: gero eta bezero gehiagok eraginkortasun energetikoa lehenesten dute. Gailu batek uda freskatzeko ez ezik, neguan berotzeko ere balio badu, eta elektrizitate-kontsumoa txikiagoa bada, aukera erakargarriagoa bihurtzen da. Horregatik, bero-ponpadun split sistemek eta kontsumo txikiko modeloek gero eta interes handiagoa eragin dute.

Eskari handiaren ondorioz, aire girotu eramangarrien fabrikatzaile askok beren izakinak agortu dituzte uda bete-betean

Bero-boladek hornidura-katean ere eragina dute. Eskaria egun gutxitan lehertzen denean, stockak agortzea ohikoa da. Tudelak dio kanpaina hasieran behar bezala hornitzen dituztela dendak, baina ekipamendu gehienak inportatutakoak direnez, fabrikatzaileek aurreikusitako ekoizpenaren mende izan ohi direla. Aurten, eskari handiaren ondorioz, aire girotu eramangarrien fabrikatzaile askok beren izakinak agortu dituzte uda bete-betean.

Klima-aldaketaren ondorioak, beraz, ez dira termometroetan bakarrik ikusten. Etxeko kontsumoan, merkataritzaren estrategietan eta erosketa-ohituretan ere gero eta nabarmenagoak dira. Gurean, orain arte salbuespena zirudiena ohitura bihurtzen ari da: uda iritsi aurretik aire girotuari begiratzea, lehen bero-boladek gure osasuna kaltetu ez dezaten.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain