• EKONOMIA
  • Mexikoko merkatua ezagutzeko misio komertziala egingo dute EAEko edari enpresek

Mexikoko merkatua ezagutzeko misio komertziala egingo dute EAEko edari enpresek

EAEko ardogintza eta mahastizaintza sektorea ezagutarazi nahi dira bisitari esker

Mexiko Hiria eta Guadalajara bisitatuko dituzte | Argazkia: Eusko Jaurlaritza
Mexiko Hiria eta Guadalajara bisitatuko dituzte | Argazkia: Eusko Jaurlaritza
2025eko abuztuaren 28a - 10:30

Misio komertziala egingo dute Mexikora irailaren 1etik 4ra bitartean EAEko zenbait edari enpresek, Hazi Fundazioaren eta Eusko Jaurlaritzaren eskutik; Ardoa Wine Office eta Mexikoko EAEko ordezkaritzaren laguntzarekin, Mexiko Hiria eta Guadalajara bisitatuko dituzte hogeita hiru konpainiek, helburu izanik tokiko merkatua ezagutzea.

 

Inportatzaileak, banatzaileak, preskriptoreak, influencerrak… kontaktuak egiteko baliagarria izango zaie euskal enpresei misioa, EAEko mahastizaintza eta ardogintzaren sektorea ezagutarazi ahal izango baitute. Bertako kontsumo zifrak eta joerak zein diren ere ezagutuko dute, eta denda zein kate espezializatuetara ere joango dira, Mexikoko markak eta estrategiak identifikatzeko. Oraindik bertako merkatura esportatzen ez duten horiek bilerak edukiko dituzte tokiko inportatzaileekin; dagoeneko bertan negozio-lerroa dutenekin, ordea, zuzeneko merkataritza ekintzak egingo dira.

Jaurlaritzak aukera gisa irudikatzen du Mexiko, “hazten ari den merkatu” moduan definitu baitu: ardo-inportazioak etengabe hazi dira, eta Mexiko da Hego Amerikako ardoa inportatzen duen bigarren herrialdea (100 milioi litro inguru, 337 milioi euro).